Gizartea -
Koronabirusa
Basurtuko Ospitalean kutsatutako bat hil da, eta 25 dira guztira gaixotuak
Ospitaleko zuzendariak jakinarazi duenez, 9 profesionalak dira, 12 pazienteak, eta 4 bisitariak.
eitb.eus | agentziak
Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) COVID-19 agerraldian kutsatutakoak dagoeneko 25 dira, atzo baino 5 gehiago, eta kutsatuetako bat hil egin da.
Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendariak Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera eman duen prentsaurrekoan azaldu duenez, 423 PCR proba egin dituzte ospitalean, eta horietako 25ek eman dute positibo: 12 pazientek, 9 profesionalek eta 4 bisitarik.
Gainera, ospitalean lan egiten duten 4.500 lagunei PCR testak egingo dizkietela jakinarazi du.
Hildakoari dagokionez, Maizek jakinarazi du pertsona horrek beste gaitz batzuk zituela, "nahikoa larriak", eta erabakigarriak izan direla.
Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko agerraldiari dagokionez, Murgak esan du jada 117 PCR egin dituztela, baina positiboen kopuruak ez duela gora egin eta lau direla: 2 paziente, profesional bat eta bisitari bat.