Gizartea -

Deseskalatzea

Nafarroako Gobernuak diskoteken irekiera eta zezenketak mugatuko ditu 3. fasean

Diskotekek terrazak jarri ahalko dituzte, eta zezenketak baimenduko dituzte, hori bai, 400 pertsonekin gehienez jota. Gainera, peñak eta elkarte gastronomikoak ere ireki ahalko dituzte.

Iruñeko Gaztelu plazaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Iruñeko Gaztelu plazaren irudietako bat
Iruñeko Gaztelu plazaren irudietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deseskalatzearen 3. fasean murrizketa propioak ezarri ditu Nafarroako Gobernuak, esaterako, diskoteken irekierarekin edo zezenketekin lotutakoak, Nafarroako Foru Gobernuko Osasun Sailak foru-agindu baten arabera. Horrela, diskotekak ezingo dituzte ireki, baina bai terrazak jarri, eta zezenketak egin ahalko dira gehienez jota 400 pertsonekin eserita.

Bestalde, 2. faseak zekartzan hainbat muga bertan behera utziko dituzte astelehen honetatik aurrera: peñak eta elkarte gastronomikoak ireki ahalko dituzte, eta jarduerak egiteko gehienez jota 20 lagun bildu ahalko dira. Igerilekuei, ludotekei, eta uda- zein hiri-kanpalekuei dagoekienez, ekainaren azken astera gutxienez itxaron beharko dute Nafarroako herritarrek, pandemiaren garapenaren zain, alegia.

3. fasearekin, gainera, ordutegi tarteak desagertuko dira, baita adinekoentzako eta desgaitasunen bat dutenen herritarrentzako tarteak ere. "Pertsona bakoitzak behar dituen alternatibak martxan jartzeko unea da", adierazi du Foru Gobernuak.

Lokalen edukiera izango da 3. faseko beste berrikuntzetako bat: % 75koa baimenduko da terrazetan, % 50ekoa dendetan eta % 50koa museoetan, beti ere pertsonen arteko segurtasun distantzia gordetzeko helburuz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea