Gizartea -

KORONABULOAK

COVID-19aren proba etxean egiteko testek ez dute osasun-bermerik

Ez daude behar bezala egiaztatuta, eta ez dago baimenduta horiek saltzea, proba horiek osasun-profesionalek bakarrik erabil baititzakete.

Un profesional sanitario toma muestras de sangre para realizar un test de coronavirus. Foto: EFE
Un profesional sanitario toma muestras de sangre para realizar un test rápido de coronavirus
Un profesional sanitario toma muestras de sangre para realizar un test de coronavirus. Foto: EFE

EFE VERIFICA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez dago farmazia batean edo Internet bidez eros daitekeen COVID-19a antzemateko baimendutako testik, proba etxean bertan egiteko, nahiz eta hainbat webgunek ustezko autodiagnostiko mota hori eskaintzen duten koronabirus pandemia hedatu zenetik.

Ustezko autodiagnostiko-test horietako batzuek pertsona ezagunen promozioa izan dute sare sozialetan, hala nola Gran Hermanoko lehiakide izandako Amandarena. Hark proba horietako baten berri eman zuen Instagrameko bere profilean argitaratutako bideo baten bidez. 100.000 jarraitzaile baino gehiago ditu profil horrek.

"Zoritxarrez, ez dizkigute mundu guztiari egiten testak; orduan, Covidtestek zure esku jartzen du proba bat, erabiltzeko oso erraza eta oso azkarra dena, COVID gaitza dugun ala ez jakiteko", adierazten du bideoan, eta test horrek "eraginkortasun tasa altua" duela azaltzen du.

Jarraian, bere nebak proba hori egingo duela dio, "osasun arloan lan egiten duen pertsona denez, arrisku gehiago baitauka", eta gaineratzen du "minututxo batzuk" besterik ez dituela beharko "positibo edo negatibo" ematen duen jakiteko.

Pablo Sanchez Castelloko Ospitale Probintzialeko Kritikoen Unitateko erizainak argitaratu zuen txio honetan ikus daiteke aipatu bideoa:

Zein dira orain arte ezagutzen diren datuak?

Norberak bere kabuz COVID-19aren proba egiteko iragartzen diren autodiagnostiko-testek ez dute baliorik, eta ez daude baimenduta, proba horiek osasun-profesionalek bakarrik erabil baititzakete. Are gehiago, farmazia-adituek salatu dutenez, haien publizitatea ez dator bat indarrean dagoen legediarekin.

Goian aipatutako telebistako lehiakide ohiaren bideoak Instagrameko @covidtestes profilari eta covidtest.es webguneari egiten zien erreferentzia. Alabaina, farmazia sektoreko zenbait dibulgatzailek sare sozialetan salatu ondoren, leku horietako edukia ezabatu egin zuten.

Hain zuzen ere, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) praktika horri buruz ohartarazi zuen maiatzaren 12an plazaratutako ohar baten bidez. Bertan gogorarazi zuen COVID-19aren diagnostikorako testak osasun-profesionalek "soilik" erabil ditzaketela eta haiek "bermatzen" dutela behar bezala erabiltzen direla.

"COVID-19a diagnostikatzeko egun merkaturatutako testak ez dira garatu jendeak oro har erabiltzeko, ezta farmazia-bulegoetan saltzeko ere", adierazi zuen AEMPSk bere oharrean. Gainera, emaitza analitiko bat testuinguru klinikorik gabe interpretatzeak "erabaki okerrak hartzea" ekar dezakeela nabarmendu zuen.

Halaber, komunikatuak argi uzten zuen Osasun Ministerioak, apirilaren 13ko SND/344/2020 Aginduaren bidez, gaixotasuna detektatzeko proba diagnostikoak "mediku batek aldez aurretik agindu eta osasun-agintaritza eskudunak ezarritako irizpideetara egokitzen diren kasuetara" mugatzen zituela

AEMPSren Twitter kontuak ere argitaratu zuen oharra:

Etxean egindako testek ez dute osasun-baliorik

Egoera hori salatu zutenen artean, Guillermo Melgar Salamancako farmazialaria dago, Farmacia Enfurecida profilaren bidez sektoreari buruzko informazioa eskaintzen duena. "Egungo legediaren arabera, erabat debekatuta dago test horien publizitatea", azaldu dio EFEri.

Honako txio honetan Guillermo Melgarrek egindako salaketa ikus daiteke:

"Test bat egiteko, bakoitzak bere medikuarekin hitz egin behar du, eta hark itxarote-zerrendan jarri behar du, arrisku-taldeko pazientea bada. Une honetan, mundu guztiak uste du hala dela, baina badaude kutsatzeko arrisku handiagoa duten profesionalak, besteak beste, osasun-langileak edo egoitzetan lan egiten duten pertsonak", gaineratu du.

Bestalde, Antonio Blanes Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiko Zerbitzu Teknikoen zuzendariak EFEri baieztatu dionez, azken asteetan erakunde horrek "produktu mota horien inguruko hainbat kontu" jaso ditu, eta osasun-agintariei horren berri eman die.

Gaur egun, COVID-19aren probak Internet bidez merkaturatzen dituzten hainbat webgune aurki daitezke, baina EFE agentziak egindako galderen aurrean norbanakoei saltzen ez dietela azaldu dute gehienek.

Horren adibide dira Praxisdienst osasun-produktuen hornitzailearen webgunea edota Consumer Design Products enpresarena. Lehendabizikoak zehaztu duenez, medikuei bakarrik saltzen die, eta egun ez ditu bere materialak Espainiako merkatuan saltzen. Bigarren enpresaren kasuan, bere atarian bertan azaltzen du testak "osasun-zentroetan erabiltzeko bakarrik" daudela eskuragarri.

"Ez dira autodiagnostiko-testak"

Aitzik, diagnosticocovid.com webguneak bai saltzen dizkie test horiek partikularrei. Etxerako bidalketak eskaintzen ditu, eta deskontudun salmenta sustatzen du hainbat unitate erosiz gero. By Medicum markako atari hori kirurgia estetikoan eta ilerakoan berezituta dagoen Man Medical Institute talde klinikokoa da.

EFE agentziak diagnosticocovid.com webguneko edukiari buruz galdetu dio AEMPSri, eta haren esanetan, test horiek "ez daude egiaztatuta".

"Gaur egun ez dago erabilera horretarako egiaztatu dagoen autodiagnostiko-testik. COVID-19a diagnostikatzeko testak osasun-arloko profesionalek erabiltzeko baino ez dira egokiak", berretsi du AEMPSk.

Halaber, Osasun Ministerioari atxikitako agentzia horrek gogora ekarri duenez, test horiek merkaturatu ahal izateko, Europako Erkidegoari dagokion EE marka (CE, gaztelaniaz) eta lau zifrako kode bat eraman behar dute. Kode horrek produktua ebaluatzeaz arduratu den erakundea identifikatzeko balio du.

Era berean, By Medicum zentroari AEMPSk esandakoei buruz galdetu zaio, eta erakundeak argi utzi nahi izan du ez direla autodiagnostiko-testak. Emandako azalpenen arabera, herritar batek erosketa egiten duenean, osasun-profesionalek egindako galdetegi bat bete behar du. Euren esanetan, profesional horiek dira testa egitea agintzen diotenak, eta erabiltzaileak haiei bidali behar dizkie emaitzak.

"Merkaturatutako test guztietan doako kontsulta medikoa gaineratzen dugu, ezinbestekoa eta derrigorrezkoa baita", azaldu dio By Medicumeko bozeramaileak EFE albiste agentziari, mezu elektroniko baten bidez. Bertan zehazten denez, etxera bidaltzen dituzten "test guzti-guztiak" haien mediku taldeari igorri behar dizkiote "interpretatu eta dagokion txosten medikoa egin dezan".

OHARRA: Albiste hau prestatzeko unean, 2020ko maiatzaren 29an, diagnosticocovid.com webguneak martxan egoteari utzi zion, "mantentze-lanak" zirela-eta, azpiko irudian ikus daitekeenez:

Mantentze-lanak diagnosticocovid.com webgunean, 2020ko maiatzaren 29an. Argazkia: EITB

Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin (Maldito Bulo atalaren bitartez), VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean egun hauetan, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa