Gizartea -
KORONABIRUSA
Itsasgoretan Kontxarako sarbidea saihesteko elkarlana eskatu du Donostiak
Astelehenetik aurrera, konfinamenduaren arintzearen 2 fasean sartzearekin batera, hondartzak eguzkia hartzeko edo bainu bat hartzeko erabiltzea baimentzen da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak herritarren laguntza eskatu du itsasgorak baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago Kontxako hondartzara sartzea eta bertan egotea saihesteko. Marisol Garmendia Espazio Publikoko zinegotziak "uneoro arduraz jokatzea, osasun krisiak indarrean jarraitzen duela jakinda", eskatu die herritarrei.
Garmendiak gogorarazi duenez, datorren astelehenetik aurrera, konfinamenduaren arintzearen 2 fasean sartzearekin batera, hondartzak eguzkia hartzeko edo bainu bat hartzeko erabiltzea baimentzen da, "betiere pertsonen arteko segurtasun distantziak errespetatuz, gutxienez bi metrokoa".
Ildo horretan, Kontxako hondartzaren kasuan, "itsasaldiek espazioa baldintzatzen dute", eta "itsasgora baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago Kontxako hondartzan ez egoteko, ezin baitira pertsonen arteko beharrezko distantziak bermatu", eskatu die erabiltzaileei.
Halaber, hondartzetako denboraldi ofiziala "ez dago martxan", nabarmendu du, beraz, ez da sorospen zerbitzurik, kabinarik, pixatokirik eta bestelakorik egongo. "Gure hondartzak, bereziki Kontxa, arazo ez bihurtzeko herritar guztien kontzientziazioan eta erantzukizunean tematzen gara", adierazi du zinegotziak.
Zurriolako hondartzak zein Ondarretakoak ez dute sarrera mugatu hori izango, eta Kontxan, berriz, mugatuta egongo da. "Arrapalen eta Eguzki klubaren parean dauden eskaileren bidez bakarrik sartu eta irten ahal izango da hondartzatik. Gainerako eskailerak itxita egongo dira", zehaztu du Garmendiak.
Lehenengo arrapala, Cervantes plazaren ondoan dagoena, sartzeko eta irteteko izango da, hesien bidez behar bezala bereizita eta norabidearen berri emateko kartelak jarrita. Erlojuen gunean, udaletxetik gertuen dagoen arrapala, jaitsierakoa izango da, eta Perlatik gertuen dagoena, irteerakoa.
Eskailera ireki bakarrak, Eguzki klubaren ondoan, baranda zentrala dute, beraz, bi norabideak izango dituzte. Udaletik jakinarazi dute hondartzek ez dutela itxitura fisikorik izango, etengabe itxitako eskaileretan izan ezik.