Gizartea -
Koronabirusa
Pandemia hasi zenetik kasu berrien kopururik handiena atzeman du MOEk egun bakarrean
Azken 24 orduetan 106.000 kasu berri baieztatu dituzte, hau da, pandemia hasi zenetik izan den kopururik handiena egun bakar batean. Nazioartean, 5.000.000 kasu inguru zenbatu dira jada.
Agentziak | Erredakzioa
Azken 24 orduetan koronabirusean positibo eman duten 106.000 kasu berri baieztatu ditu Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Pandemia hasi zenetik, erakunde horrek egun bakar batean atzeman duen kasu berri kopururik handiena da.
"Azken 24 orduetan 106.000 kasu jakinarazi zaizkio MOEri, pandemia hasi zenetik egun bakar batean atzemandako kopururik handiena", adierazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak prentsaurrekoan.
Ohartarazi duenez, pandemia gainditzeko "bide luzea dago egiteko" oraindik, eta 106.000 positibo horietatik ia bi heren lau herrialdetan atzeman dituzte. Dena dela, MOEko zuzendari nagusiak ez du herrialde horiek zeintzuk diren esan nahi izan agerraldi horretan.
Bestalde, besteak beste, Hego Korearen jokabidea txalotu du, kasu bakoitza atzeman, isolatu, baieztatu eta artatzeko "estrategia bateratua azkar jarrita", positibo eman duen pertsona bakoitzaren kontaktu guztiak aztertzeko duen gaitasunaz gain. Alabaina, MOEko zuzendari nagusia "kezkatuta" agertu da diru-sarrera ertainak eta baxuak dituzten herrialdeetan kasuak ugaritu direlako.
"COVID-19aren aurka borrokan ari garen bitartean, osasun-sistemek martxan jarraitzen dutela bermatzea lehentasun handia da; izan ere, funtsezko zerbitzuen edozein etetek herritarren bizitzari eragin diezaioke, adibidez, haurren immunizazioari", azaldu du.
Nazioartean, 5.000.000 kasu inguru zenbatu dira jada, eta 328.000 pertsona baino gehiago hil dira koronabirusaren ondorioz. Datuak herrialdez herrialde aztertuta, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) dira orain arte kasu positibo eta heriotza gehien atzeman dituztenak (1.500.000 kasu inguru eta 93.000 hildako baino gehiago).
Errusiak, 308.000tik gora kasurekin, eta Brasilek, ia 292.000rekin, Ipar Amerikako herrialdeari jarraitzen diote. Hildakoei dagokienez, bigarren lekuan Erresuma Batua dago, 35.000 baino gehiagorekin, eta Italia dago horren atzean, 32.000 baino gehiagorekin.