Gizartea -

KORONABIRUSA

Osasun Sailak COVID-19aren bilakaera udalerrika jakinarazteari utzi dio

Horrez gain, oinarrizko birsorkuntza tasa lurraldeka emateari ere utzi diote, eta orain datu bakarra ematen dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako.

Erizainak. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Erizainak
Erizainak. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aldatu egin ditu koronabirusari buruzko datuak emateko irizpideak, eta, atzoz geroztik, utzi egin dio udalerri, erietxe eta osasun eremuen araberako datuak emateari.

Exekutiboa pandemiarekin lotutako informazioa zabaltzen hasi zenetik, gaixotasunaren intzidentzia udalerrika zehaztea ahalbidetzen zuten zifra xehatuak sartu zituen.

Horrez gain, oinarrizko birsorkuntza tasa (batez beste, koronabirusaz kutsatutako bakoitzak zenbat lagun kutsatuko dituen) lurraldeka emateari ere utzi diote, eta orain datu bakarra ematen dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako.

Oinarrizko birsorkuntza tasa bat baino baxuagoa bada, datua positibotzat jotzen da, eta bat baino handiagoa bada, berriz, negatibotzat, horrek gaixo bakoitzak beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen duela eta, hortaz, pandemia hedatzen ari dela esan nahi duelako. Espainiako Osasun Ministerioak behin baino gehiagotan aipatu du tasa hori bat baino txikiagoa izatea irizpide garrantzitsu gisa fase batetik bestera igaro ahal izateko.

"Epidemiaren joera oraindik positiboa denez, emandako datuak egoerara egokitzen jarraituko dute", azaldu du Osasun Sailak. "Datozen egunetan buletinean aldaketak egin ahal izango dira, eta behar bezala emango da aldaketa horien berri", azaldu dute.

Beste aldaketa bat ere egin du Osasun Sailak datuei dagokienez. Orain arte, egunero eguerdian ematen duten informazioan, bezperan 20:00ak arte bildutako datuen berri eman izan dute. Aurrerantzean, 24:00ak arteko datuak jasoko dituzte eguneroko buletinean.

"Aldaketa horri esker, egun osoko datuak eman ahal izango dira, beraz, pandemiaren eguneroko argazkia zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izango da", azaldu du Osasun Sailak.

Gainera, epidemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen duenez, eskainitako datuak inguruabarretara egokitzen jarraituko dute, beraz, datozen egunetan buletinak aldaketak izan ditzake.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Herriak eta Hiriak Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak COVID kasuak