Gizartea -
Koronabirusa
Gurutzetako langileek protesta zaratatsuarekin jaso dituzte Urkullu eta Murga
LABek jakinarazi duenez, "dozenaka langilek eta ordezkari sindikalek" protesta egin dute euskal osasun publikoko "langileen egoera salatzeko".
agencias | redacción
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, COVID-19aren krisian hartutako erabaki politikoengatik protesta egin dute Iñigo Urkullu lehendakariaren aurka, eta euskal osasun publikoko langileen "osasuna arriskuan jartzea" leporatu diote.
Sindikatuak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakaria, Nekane Murga Osasun sailburua eta Juan Diego Osakidetzaren zuzendari nagusia Gurutzetako ospitalean izan dira gaur, COVID-19agatik ireki duten eremu berria ezagutzeko, eta "dozenaka langilek eta ordezkari sindikalek" protesta egin dute euskal osasun publikoko "langileen egoera salatzeko".
Protestarekin "agerian utzi nahi genuen gobernutik eta osasun alorretik egin duten kudeaketa txarra eta propagandistikoa", azaldu du LABek.
Sindikatuak uste du "osasun alorreko langileok bizi izan ditugun egoera jasanezinak saihestu" egin zitezkeela, "baina EAJk interes ekonomikoak eta hauteskunde kalkuluak jarri ditu Osakidetzako langileon eta gizarte osoaren osasunaren gainetik".
Hori dela eta, Murgaren dimisioa eskatu dute eta lehendakariari "haserrea" agertu diote "gure segurtasun faltaren ardura berea dela argi adierazteko".
"Urkulluk, Murgak eta Juan Diegok irudi bukolikoa eman nahi izan dute, langile irribarretsu eta esker onekoekin, eta Osakidetzako langileen haserrea ezkutatu egin nahi dute, baina oraingo honetan gaizki atera zaie jokaldia eta entzun egin behar izan gaituzte", azpimarratu du.