Gizartea -

Koronabirusa

Espainiako Osasun Ministerioak ez daki zergatik murriztu den 1 fasea EAEn

Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariaren ustez, “Euskadi da arrazoiak kontatu behar dizkiguna”.  

Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendaria. Argazkia: Efe.
Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendaria
Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendaria. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Simon Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariak esan du ez dakiela zergatik “murriztu” den Euskal Autonomia Erkidegoan deseskalatze prozesuaren 1 fasean baimenduta dauden jardueren zerrenda eta autonomia erkidegoak azaldu beharko duela.

“Euskadi osoa zegoen, gure ustez, fase bat aurreratzeko moduan, eta hori jakinarazi zen. Gero, maila autonomikoan, 1 faserako proposatzen denaren gainean murrizketaren bat egitea erabaki badute, nik ez daukat ezer esateko, ezin dut iritzirik eman”, adierazi du Simonek.

Azpimarratu egin du: “Euskadi da arrazoiak kontatu behar dizkiguna, nik oraintxe ez dut horien berri”.

Simonen erantzuna dator, Ertzaintzak eta udaltzaingoek alerta sanitariorako dituzten jardunbideetan jasota dagoenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzetan talde txikiak batzeko baimena ukatu eta gero. Neurri hori ez da agertzen lehendakariak igandean sinatu zuen dekretuan ere, nahiz eta Espainiako Gobernuak baimendu egiten duen, deseskalatzerako 1 fasean.  

Eusko Jaurlaritzak irizpidea aldatu eta gero, familia unitatetik kanpoko lagunekin batzeko modu bakarra ostalaritza eta sukaldaritza establezimenduetan egitea izango da, edariak edo janaria kontsumitzeko, eta hamar lagun baino gutxiagoko taldeetan.

Espainiako Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariak azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak “ahalmen oso indartsuak ditu, baita lehendik ere maila altuan abiarazita zeuden zaintza eta detekzio goiztiarreko sistemak eta aldeko egoera epidemiologikoa ere, transmisio maila oso baxuarekin”.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea