Gizartea -
Koronabirusa
Bizkaiko egoitzetan 689 adineko eta 236 langile kutsatu dira COVID-19agatik
Gainera, azken bi egunetan beste bi kasu positibo gehiago eta hildako bat izan dira Gipuzkoako erresidentzietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko adineko egoitzetan bizi diren 689 erabiltzaile kutsatu dira koronabirusarekin, eta horietatik 56 erietxetan ospitaleratuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Gainera, Bizkaikoen adinekoen egoitzetan lanean diharduten 236 behargin kutsatu dira.
Bestalde, beste 833 adinekok gaitza gainditu dute. Pandemia hasi zenetik eta apirilaren amaiera arte, 247 adineko hil egin dira Bizkaiko egoitzetan.
Gipuzkoako erresidentziak
Gipuzkoako erresidentziei dagokienez, Lurralde horretako Aldundiak jakitera eman duenez, azken bi egunetan beste bi kasu positibo gehiago, eta Arrasateko Iturbide egoitzako erabiltzaile bat hil da, koronabirusarekin.
65 zentrok eta 5.425 erabiltzailek osatzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitza-sarea. Orain arte, horietatik 355k gaitza gainditu dute (gaixoen % 60), 167 hil dira (gaixoen % 30) eta beste 56 pertsonak (% 10) positibo eman dute.