Gizartea -
Koronabirusa
1 fasea "zorrotzagoa" izango da EAEn, eta udalerrira mugatuko da mugikortasuna
Lurralde arteko mugikortasunari dagokionez, debekatuta jarraitzen du, eta "bakarrik ohiko lan-harremanen kasuetan", gertuko udalerrietara mugitu ahalko dira herritarrak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datorren astelehenean, maiatzak 11, Euskal Autonomia Erkidegoan hasiko den deseskalatzearen 1 faseari dagokionez, Euskadin irizpide "zorrotzagoak" ezarriko direla iragarri du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituren sailburuak. Gauzak horrela, bizi diren "udalerri berean bakarrik" mugitu ahalko dira herritarrak eta, "salbuespenak salbuespen, Lurralde Historiko berdinean".
Lurralde arteko mugikortasunari dagokionez, debekatuta jarraitzen du, eta "bakarrik ohiko lan-harremanen kasuetan", gertuko udalerrietara mugitu ahalko gara.
Nekane Murga Osasun sailburuarekin prentsaurrekoa eskaini du Tapiak, COVID-19aren azken datuak eta 1 faseak dakartzan aldaketak jakitera emateko.
Zentzu horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan aurkeztutako Bizi Berri Plana gogoratu du Tapiak, eta Euskadik malgutze neurriak eskura izango dituela azpimarratu du. Hortaz, "Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutakoaren arabera, 1 faseak Euskal Autonomia Erkidegoan baldintza diferente batzuk izango ditu".
Deseskalatzearen 1 fasearen baldintzak. Iturria: Eusko Jaurlaritza
"Euskadin, 1 faserako, Espainiako Estatuan baino neurri zorrotzagoen alde egiten dugu. Aurrera egin nahi dugu apurka-apurka, berme guztiekin, eta guztiok batera, zailtasunaz jabetuta eta arriskurik hartu gabe", gaineratu du.
Hori dela eta, mugikortasuna murritzagoa izango da Euskadin, eta "bizi den udalerri berean bakarrik mugitu ahalko da herritarra, eta salbuespenak salbuespen, Lurralde Historiko berdinean".
Izan ere, lurralde arteko mugikortasunari dagokionez, debekatuta jarraitzen du, eta "bakarrik ohiko lan-harremanen kasuetan", gertuko udalerrietara mugitu ahalko dira herritarrak. Esaterako, Eibarko eta Ermuko kasuak. "Bakoitza bere udalerrian geratu beharko da, mugikortasun mugekin eta ordutegi-tarteekin oraindik bizi garelako", azpimarratu du Tapiak. Lurralde arteko mugikortasunari dagokionez, "bakarrik behar-beharrezkoa den kasuetan", gaineratu du.
Garraio publikoa, aisialdia, kultura eta kirolak
Bestalde, garraio publikoa bakarrik lanera joateko erabili dezakete herritarrek, eta "ez, aisialdi arrazoiengatik, udalerri batetik bestera mugitzeko". Gainera, "maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da, eta geltoki itxietan erabiltzaileei temperatura neurtuko zaie".
Azkenik, Tapiak iragarri du, Euskadiren kasuan, ez dela "kulturarekin, aisialdiarekin edo kirolarekin lotutako jarduerarik baimenduko". Bakarrik egin daiteke kirola aire librean, eta ez dela irekiko "pertsonak bildu ditzaketen" azpiegiturarik.
Euskal hauteskundeak
Uztailean EAEko hauteskundeak egiteko aukeraz galdetuta Tapiak adierazi duenez, "Euskadin gauzak ondo eginez gero, mugikortasun murriztapenak eta Osasun Saileko gomendioak errespetatuta, fase batetik bestera igaroko gara eta uztailean hauteskundeak egiteko prest egongo gara".
Bi gauza desberdindu behar direla zehaztu du sailburuak: "gauza bat da baimena eta hauteskundeak egiteko aukera, eta beste gauza bat da hori egitea baimentzen duten osasun eta segurtasun baldintzak izatea". Dena dela, "gaur egun, goizegi da hori esateko", ondorioztatu du.