Gizartea -

KORONABIRUSA

Langileen bizitza ezin dela "arriskuan" jarri ohartarazi dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Zaldibarko zabortegiaren aurrean, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean.

Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Zalbibarren. Irudia: @ELAsindikatua
Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Zalbibarren
ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuen bilkura, Zaldibarren

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek langileen bizitza ezin dela arriskuan jarri "gobernuen edo enpresaburuen interesengatik" ohartarazi dute, eta "bizitzak erabateko lehentasuna" izan dezan lan egiteko konpromisoa hartu dute. Aldi berean, lan ikuskaritzaren bitartekoak eta baliabideak indartzeko eskatu diete administrazioei, 100 ikuskatzaile gehiagorekin, "enpresetan lan osasuna bermatzeko".

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, sindikatuek ekitaldi bat egin dute Zaldibarren, zabortegiaren aurrean, non oraindik bi langile lurperatuta dauden. Salatu dutenez, enpresentzat "langileak ez dira pertsonak, dirua irabazten jarraitzeko tresna hutsa baizik".

Arrate Elkoro ELAko Gernika-Durango eskualdeko arduradunak salatu bezala, "prekarietatearen ondorioz, langileek lan istripuak izaten dituztenean eta lanean hiltzen direnean gertatzen da hori".

"Hala gertatu zen Zaldibarko zabortegia erori zenean, bi langile lurperatuta; baita autobidea berriro irekitzeko era guztietako langileak ekarri zituztenean ere, inolako segurtasun neurririk gabe eta dioxinak airean zituztela; eta hala gertatzen ari da koronabirusaren krisiarekin, milaka pertsona babes neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, haien osasuna eta, are gehiago, biziak arriskuan jarriz", esan du.

ELAko arduradunak azpimarratu duenez, "langileen bizitzak lehentasuna izan behar du", eta "ezin dira arriskuan jarri gobernuen edo enpresaburuen interesengatik".

Elkorok berretsi egin du ELAk eta Zaldibarko ekitaldian dauden gainerako sindikatuek "bizitzak erabateko lehentasuna" izan dezan lan egiteko konpromisoa dutela, eta, aldi berean, administrazioei eskatu die lan-ikuskaritzaren bitartekoak eta baliabideak indartzeko, 100 ikuskatzaile gehiagorekin, enpresetan lan-osasuna bermatzeko.

LABeko Lourdes Erasok adierazi duenez, apirilaren 28an "ez dugu ezer ospatzeko", baizik eta "langileen segurtasuna eta osasuna okertzen ari direla salatu behar dugu, munduan eta Euskal Herrian ere bai".

Esan duenez, covid-19aren pandemiarekin "begi bistan geratu da gobernuarentzat eta kapitalarentzat langileen bizitzak duen garrantzia, Zaldibarren ikusi genuen bezala, bi langile zabortegian lurperatuta geratu zirenean".

Salatu duenez, "laneko istripuek eta gaixotasunek gora egiten jarraitzen dute, mundu mailan 2,7 milioi langile hil dira euren lanpostuetan, eta 29 Euskal Herrian, eta bi langilek, Joaquinek eta Albertok, zabortegian desagertuta jarraitzen dute".

Zaldibarko zabortegiko luizian lurperatuta dauden bi langileen senideei elkartasuna adierazi ostean, "pandemia egoera honetan, langileok lanpostuetan gure bizitza eta gure osasuna arriskuan jarri ditugula ikusi dugu", salatu du Erasok, "gure osasuna bermatuta egon dadin behar besteko bermerik gabe lan egitera bidali gaituztelako".

"Covid-19aren pandemiari aurre egiteko hartu beharreko premiazko neurriekin batera, zerbitzu publikoak indartzeko garaia iritsi da", adierazi du LABeko arduradunak.

Lourdes Erasoren esanetan, "egunen batean amaituko da pandemia egoera hau, eta lehentasun berriak hartu beharko dira". Horren ildotik, "gehiengo sindikalak bizitza erdigunean jarriko du". "Erakundeek ere bizitza erdigunean jar dezaten, borrokan eta mobilizatzen jarraituko dugu, interes ekonomikoen gainetik, bermatuko dena langileen osasuna eta bizitza izan dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak ELA LAB Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Sindikatuak Steilas Koronabirusa ESK sindikatua gaur