Gizartea -
Koronabirusa
Testak egin barik Osakidetzan ezin dela normaltasunera itzuli esan du ELAk
"Gaur egun, ez dakigu Osakidetzako zenbat langilek duten edo izan duten gaixotasuna", salatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuaren iritziz, Osakidetzak ezin du ohiko jarduerara itzuli langile eta paziente guztiei COVID-19a antzemateko testak egin aurretik, eta langileek norberaren babeserako ekipamendu "egokiak eta nahikoak" eduki arte.
Sindikatuak komunikatu baten bidez adierazi duenez, "azken egunetan, Osasun sailetik koronabirusaren kutsatzeen ondorioz etendako jarduera batzuk, premiazkoak ez direnak, berreskuratzeaz hitz egiten hasi dira".
"Izan ere, Osakidetzako zentro batzuetan ebakuntza batzuk egiten hasi dira", jakinarazi dute.
ELAk kezka agertu du agertoki berri honen aurrean. "Ohiko jarduerak berreskuratzea, eta, noski, larrialdietakoa eta atzeraezina dena, langileen eta pazienteen segurtasuna eta osasuna gordetzeko berme guztiekin egin behar da".
Kutsatzeak saihestea
"Gaur egun, ez dakigu Osakidetzako zenbat langilek duten edo izan duten gaixotasuna", salatu dute, izan ere, "momentuz ez dizkiete Osakidetzako langile guztiei testak egin, eta horrek esan nahi du lankideak eta pazienteak jakin gabe kutsatzen egon daitezkeela".
Oraindik ez da posible jakitea ospitaleetara eta osasun zentroetara doazen pazienteak kutsatuta dauden ala ez , "gaur egun, testa, arnas-infekzio larria eta ospitaleratuta daunde pertsonei edo ingresatzeko baldintzaren bat betetzen duten pertsonei bakarrik egiten zaielako. Sintoma arinak dituztenei ez zaie testik egiten".