Gizartea -
Koronabirusa
Medikuak akusazio partikular bezala agertuko dira akastun maskaren kasuetan
Medikuen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusia akusazio partikular bezala agertuko da baztertutako akastun maskarek kutsatzeak eragin duten kasuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Medikuen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Nagusiak aditzera eman duenez, akusazio partikular gisa aurkeztuko da akastun maskarek kutsatzeak eragin dituzten kasuetan. Maskarak Osasun Ministerioak erretiratu behar izan zituen, erkidegoetan eta osasun profesionalen artean banatu ostean.
Amaya Mayor SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak Euskadi Irratian adierazi duenez, kezkatuta daude Arabako eta Bizkaiko ospitaletako Zainketa Berezietako Unitateetako langileek maskara horiek erabili dituztelako, zehazki Txagorritxun eta Basurtun.
Medikuen Elkargo Ofizialen iritziz, gertatutakoa "onartezina" da, Espainiako Gobernuarengan "mesfidantza" sortzen du, eta hori osasun arloko profesionalek bizi duten "babes faltari" gehitu behar zaio.
"Ez dugu agintari arduradunen azalpena bakarrik nahi, erantzukizuna hartzea eta, gehiago berandutu gabe, arrisku handian dauden profesionalak babesteko beharrezkoak diren neurriak hartzea nahi dugu. Elkargo Ofiziala egoera honetan gertatutako kutsatze kasuetan akusazio partikular modura agertuko da", esan dute igande honetan ateratako oharrean.
Profesionalen artean izan diren 34 hildakoak eta 30.000 kutsatuak deitoratu dituzte eta arrisku handiko ogibide izendatzea eskatu dute, eta COVID-19agatik dauden bajak lan-istripu bezala hartzea.
Gainera, ahalik eta azkarren osasun arloko profesional guztiei testak egitea ere exijitu dute, gaixoen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko eta lanean jarraitzeko ezinbesteko baldintza bezala.
Medikuen Elkargoak COVID-19 Behatokia martxan jarriko du, infekzioak profesionaletan izan duen eragina aztertzeko eta etorkizunean pandemiarekin lotutako ekimenak abian jartzeko.