Gizartea -

Krisi humanitarioa

Europako herrialderen batek lehorreratzeko baimena noiz emango zain dago 'Aita Mari'

Maltak eta Italiak argi utzi dute portuak itxita izango dituztela migratzaileen ontziak iristen direnean. Erreskatatutako 43 pertsonak lau egun zeramatzaten txalupa batean noraezean.

"Aita Mari" ontzia, Mediterraneoan. Artxiboko argazkia: SMH.
"Aita Mari" ontzia, Mediterraneoan.
"Aita Mari" ontzia, Mediterraneoan. Artxiboko argazkia: SMH.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maltako Gobernuak ez dio Aita Mari ontziari hango portuan lehorreratzeko baimenik eman, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak astearte honetan jakinarazi duenez. Ontziak 43 migratzaile erreskatatu zituen atzo Mediterraneo erdialdean, Maltako uretatik gertu. Europako herrialde batek lehorreratzeko baimena noiz emango zain jarraitzen du ordutik.

"Maltak portu seguru batean lehorreratzea edo atzo erreskatatutako 43 pertsonak leku seguru batera eramateko koordinazioa ukatu digu. Eguraldiak okerrera egin du, eta gizaki horiek egun gehiegi daramatzate itsasoan, Europa saiheska begira dagoen bitartean", idatzi du erakundeak sare sozialetan.

Gobernuz kanpoko erakundeak atzo jakinarazi zuen Aita Mari ontziak 47 migratzaile zeramatzan txalupa bat topatu zuela, baina, handik denbora gutxira, erreskatatu dituztenak 43 direla zehaztu zuen, horien artean haurdun dagoen emakume bat. Txalupa horrek lau egun zeramatzan Mediterraneo erdialdean noraezean.

Aita Mari Sirakusako (Sizilia, hegoaldea) portutik Pasaiarantz (Gipuzkoa) abiatu zen igandean, baina txalupa bat noraezean zegoela jakinarazi zioten. Hala, bertan zihoazen migratzaileak erreskatatu zituzten, Maltak ontziratzeko baimena eman ondoren.

Astelehenean, Itsas Salbamendu Humanitarioak Twitterren idatzi zuenez, "Europak pandemia bat pairatzen duen egoera honetan, baliteke bere herritarrek ulertzea zergatik 43 pertsona horiek ihes egin duten, euren etxea eta bizitza atzean utzita".

"43 lagunek bakean egingo dute lo gure estalkian, lau egunez patera batean egon ondoren. Eskerrik asko zuen babesarekin eta zuen eguneroko borrokarekin erreskate hau ahalbidetu duzuen herritar guztioi", gaineratu zuen beste mezu batean.

Maltak eta Italiak argi utzi dute portuak itxita izango dituztela migratzaileen ontziak iristen direnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Gizartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Italia Errefuxiatuak Malta Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari Siria albisteak gaur