Gizartea -

Koronabirusa

Facebookek erabiltzaileen datuak eskainiko dizkie COVID-19aren ikertzaileei

Facebookek Data for Good, datuekin erabilera sozialak bilatzen dituen programa, zabaldu du, eta erabiltzaileen mugimenduei buruzko informazioa emango die COVID-19 gaitzaren ikertzaileei.

Facebook sare sozialaren logoa. Argazkia: EFE.
Facebook sare sozialaren logoa.
Facebook sare sozialaren logoa. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Facebookek erabiltzaileen datu anonimo berriak emango ditu, hau da, erabiltzailearen kokapenetik gertu dauden pertsonenak eta horien lagunenak, koronabirus pandemia ikertzen ari diren adituei eta erakundeei laguntzeko.

Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Facebookek Data for Good, datuekin erabilera sozialak bilatzen dituen programa, zabaldu du, eta erabiltzaileen mugimenduei buruzko informazioa emango die COVID-19 gaitzaren ikertzaileei eta erakundeei.

Orain, konpainiak hiru datu berri gehitu dizkio programari, "gaixotasuna aurreikusteko eta prebentzio neurriak hartzen laguntzeko" helburuarekin. Erabiltzaileen pribatutasuna babesteko, datu erantsi anonimoak dira.

Lehenengo datuek eremu jakin bateko pertsonak beste batzuekin kontaktuan egoteko probabilitatea erakusten diete ikertzaileei. Patroiak erabiliz, tokian tokiko kutsatzeak prebenitu daitezke horrela.

Beste mota bateko datuek eskualde bateko mugikortasun joerak neurtzen dituzte. Isolamenduan zehar biztanleak euren etxebizitzetan geratzen diren edo beste leku batzuetara joaten diren erakusten duen kurba bat erabiltzen ari dira horretarako. Horrek prebentzio neurriak gida ditzake.

Azkenik, Facebookek konexio sozialaren indize bat bildu du, eskualde bateko erabiltzaileek beste zonalde edo herrialde batzuetako lagunak dituen edo ez erakusten duena. Horrek birusa non zabaldu daitekeen bereizten lagun diezaieke epidemiologoei.

Halaber, konpainia Carnegie Mellon Unibertsitateak (AEB) egindako ikerketa batean parte hartzen ari da. Erabiltzaile estatubatuarren artean COVID-19a autodiagnostikatzeko inkesta bat zabaltzen hasiko da, gaixotasunaren hedapena monitorizatzen eta atzematen laguntzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Ameriketako Estatu Batuak Sare sozialak albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Interneteko albisteak Koronabirusa