Gizartea -
Zaldibarko zabortegia
Balkoietan mobilizatzeko deia egin dute, Zaldibarko luizitik 2 hilabete igaro ondoren
Zaldibar Argituk aprilaren 6an balkoietan zarata eginez eta kandelak piztuz mobilizatzeko deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zaldibar Argitu plataformak balkoietan zarata eginez eta kandelak piztuz mobilizatzeko deia egin die euskal herritarrei apirilaren 6an, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luizitik bi hilabete bete direnean, milaka tona hondakinen azpian bi langile lurperatuta gelditu zirelarik, oraindik aurkitu gabe.
Aipatutako plataformak ohar batean gogorarazi du apirilaren 6an bi hilabete beteko direla hondamendia gertatu zela, eta mobilizaziora deitu ditu herritarrak, nahiz eta euren etxeetan konfinatuta egon alarma egoeragatik, koronabirusaren hedadura dela eta.
Egun horretan 20:30ean balkoietara ateratzeko eta bost minutuz "zarata handia" egiteko eskatu die herritarrei, ondoren kandelak eta argiak pizteko, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertutako langileen omenez.
Deitzaileek lanean jarraituko dutela "langileak aurkitu arte" adierazi dute, baita herritarren osasuna defendatzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatzeko ere.
Adierazi dutenez, bi hilabete igaro dira luizitik, eta "arduradun zuzenak egon arren, inork ez ditu bere gain hartu erantzukizunak".
Zabortegian zer dagoen aztertu eta jakinarazteko, instalazioan gertatutakoa azaltzeko eta bertan aritzen diren langileen segurtasuna bermatzeko eskatu du plataformak.
Halaber, erantzukizunak argitzeko eskatu du, eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak "dimisioa" eman behar duela azpimarratu du.