Gizartea -

Koronabirusa

Epaile batek Ertzaintzaren prebentzio materialak bermatzeko agindu dio Jaurlaritzari

EUSPEL sindikatuaren eskaera aintzat hartuta, epaileak langileak babesteko prebentziorako baliabideak bermatu behar direla azpimarratu du.

Sindikatuaren arabera, bajak direla eta, ikasten ari diren ertzainak mobilizatu dituzte. EiTB
Sindikatuaren arabera, bajak direla eta, ikasten ari diren ertzainak mobilizatu dituzte.
Sindikatuaren arabera, bajak direla eta, ikasten ari diren ertzainak mobilizatu dituzte. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu dio "berehala" eman diezazkiela Ertzaintzaren zentro guztiei langileak babesteko ekipamendu indibidualak, eta, era berean, instalazioak eta laneko ibilgailuak egunero desinfektatzeko eskatu dio.

Astelehenean kaleratutako ebazpen batean, EUSPEL sindikatuak egindako kautelazko neurrien eskaerari erantzun dio epaitegiak. Epaileak honako hau adierazi du: "enpresak edo administrazio enplegu-emaileak langileak babesteko legezko betebeharrekin bat datozen prebentzio-baliabideak bermatu behar ditu, lana ahalik eta segurtasun-baldintza egokienetan egin dezaten".

Ildo horretan, honakoa nabarmendu du: "publikoa eta nabarmena da oinarrizko zerbitzuetako langileei (besteak beste, polizia autonomikoko kideei) beharrezko neurriak eta elementuak eman behar zaizkiela, beren lana gutxieneko segurtasun-baldintzetan egin ahal izateko, birusak kutsa ez ditzan, edo horiek jasaten duten arriskua areagotu ez dezan, eta gaixotasunaren hedapena saihestu".

Ebazpen judizialaren arabera, agenteek "COVID-19a hartzearen arriskua dute ematen dituzten zerbitzu guztietan, ohikoak zein apartekoak", eta ez da "harritzekoa"  koronabirusaz kutsatzea. Sindikatuak berak gogorarazi duenez, "pilatzen ari diren bajek Ertzaintzaren 28. promozioa mobilizatzea eragin dute".

Era berean, azpimarratu du COVID-19ak eragindako larrialdi- egoera egiaztatuta dagoela: "Herrialde guztiak eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoak pairatzen ari dira, eta enpresen jarduera azkarra eta eraginkorra eskatzen du; lantokien erabileran langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskurik sor ez dezan beharrezko neurriak hartu behar dira".

Auzitegiak zehaztu duenez, "inolaz ere, ez dio administrazioari aurpegiratzen mota guztietako ekimenak erabiltzen izatea babesa bermatzeko"; aitzitik, une honetan, "auzi-jartzailearen adierazpenak kontuan hartuta, demandatuari dagokio xahututako ahalegin hori nahikoa den edo ez egiaztatzea".

Ildo horretan, EUSPELek eskatutako kautelazko neurria onartzea erabaki du, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari "berehala eta premiaz, 24 orduko epean, ertzain-etxeak eta kidego horretako langileek erabiltzen dituzten beste edozein bulego, materialez (FPP2 maskarak, FPP3 babes-betaurrekoak, eskularruak, gelak eta alkohola, besteak beste) hornitzea agindu du".

Era berean, "erabilitako materialen hondakinak ez kutsatzeko eta deuseztatzeko prozesuen aplikazio zehatza eta lantokien eta laneko ibilgailuen eguneroko desinfekzioa" martxan jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Ebazpenaren aurrean, errekurtsoa aurkez daiteke oraindik, hiru eguneko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, baina errekurtsoa jartzeak ez du emandako agindua bertan behera uzterik ekarriko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa