Gizartea -

Delituak

11 lagun atxilotu eta 409 salatu zituzten atzo Euskadin, isolamendua ez betetzeagatik

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, martxoaren 16tik 8.524 salaketa jarri dituzte Euskadin. Egun, agenteek etxez etxeko lehen jakinarazpenak egingo dituzte.

Martxoaren 16tik 24.480 pertsona identifikatu dituzte EAEn. Argazkia: EFE
Martxoaren 16tik 24.480 pertsona identifikatu dituzte EAEn
Martxoaren 16tik 24.480 pertsona identifikatu dituzte EAEn. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek 409 salaketa jarri zituzten igandean, larunbatean baino 125 gutxiago, eta 11 pertsona atxilotu zituzten, aurreko egunean baino 6 gehiago, COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako alarma-egoeraren neurriak ez betetzeagatik.

Ertzaintzak 5 pertsona atxilotu, 978 identifikatu eta 247 salatu zituen; udaltzaingoek, berriz, 6 pertsona atxilotu, 519 identifikatu eta 162 salatu zituzten, Segurtasun Sailak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera.

Atzo, gainera, 3.094 ibilgailu geldiarazi zituzten: 2.252 ertzainek eta 842 udaltzainek.

Araban egin ziren atxiloketa gehien (6), eta Bizkaian egin zituzten gainerakoak (5); Gipuzkoan, berriz, ez zuten inor atxilotu.

Salaketak, ordea, ugariagoak izan ziren Bizkaian (273), baina Gipuzkoan (128) eta Araban (8) ere egin ziren.

Identifikazioei dagokienez, Bizkaian 766 pertsona identifikatu zituzten, Gipuzkoan 656 eta Araban 75.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 8.524 salaketa jarri dituzte hilaren 16tik Euskadin.

Ordutik, 24.480 pertsona identifikatu dituzte EAEn; horietatik 17.109 ertzainek eta 11.371 udaltzainek.

Segurtasun Sailak lehen 250 zehapen-espedienteak abiarazi ditu, osasun-larrialdiko egoera honetan agintaritzari desobeditzeagatik.

Gaur, Ertzaintzako agenteek lehen jakinarazpenak bidaliko dizkiete salatutako pertsonei.

Segurtasun Sailak zehaztu duenez, arau-hauste larriei 602 euroko isuna jarri diete, eta kopuru hori % 50 murriztu daiteke salatutakoak jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ordaintzen badu.

Egungo egoeran, etenda geratu dira administrazio-prozedurak izapidetzeko eta jakinarazteko administrazio-epeak, ezarritako alarma-egoerarekin lotutako egoerei dagozkienak izan ezik.

Hori dela eta, Segurtasun Sailak espediente horien izapideak bizkortzea erabaki du, nahiz eta salaketa egin denetik urtebeteko epea izan horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa