Gizartea -
Delituak
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, agenteei listua bota eta aurre egiteagatik
38 urteko gizon bat atxilotu dute, desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko udaltzainek 38 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. 18:10ean harrapatu zuten herritarra, Jundizko industrialdetik oinez zihoala, COVID-19aren aurka hartutako konfinamendu-neurriak errespetatu gabe.
Agenteak harengana iritsi, eta kalean zer egiten ari zen galdetu ziotenean, neurriak ez zituela beteko erantzun zien, eta uko egin zion identifikatzeari. Ezezko erantzunak zituen ondorioen inguruan ohartarazi ostean, bere jarrerari eutsi zion, eta poliziak atxilotzen saiatu ziren, ertzain-etxera eramateko.
Esku hartze horretan, gizonak soinean zeraman maskara kendu zuen eta agenteetako bati listua bota zion. Hortaz, atxilotu, eta Agirrelanda kaleko egoitzara eraman zuten. Bi ordu geroago, aske utzi zuten, eta Gasteizko Epaitegira joan beharko du, zitazioa jasotzen duenean.
Udaltzaingoak konfinamendu neurriak ez betetzeagatik egindako bigarren atxiloketa da. Arrazoi horrengatik, Udaltzaingoak 563 pertsona salatu ditu oraingoz.