Gizartea -

Koronabirusa

Araban ezarritako zonifikazio-sistema Euskadi osora hedatuko da aste honetan

Sistema horrekin, arnas sintomak dituzten herritarrek euren osasun-zentrora deitu behar dute, eta bertatik bideratuko dituzte dagokien erreferentzia-zentro espezifikora.

Profesional bat, dei bati erantzuna ematen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Profesional bat, dei bati erantzuna ematen
Profesional bat, dei bati erantzuna ematen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban hilaren 16an ezarri zuten lehen mailako arretaren zonifikazio-sistema Barrualde Galdakao ESIra iritsi da astelehen honetan, eta Bizkaiko gainerako lurraldera eta Gipuzkoara aste honetan bertan hedatuko da, Osakidetzak aurreikusten duenez.

Sistema horren helburua da, alde batetik, laguntza zentro espezifikoetan bideratzea, eta, bestetik, herritarren segurtasuna indartzea, koronabirusaren krisian.

Hala, Barrualde Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan erreferentziako 9 osasun-zentro zehaztu dituzte arnas patologiak artatzeko: Basauri-Ariz, Galdakao, Zornotza, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio.

ESI horretako herritarrek, COVID-19ko sintomarik izatekotan, euren osasun-zentrora deitu beharko dute, ez 900 20 30 50 telefono-zenbakira (Osasun Aholkuaren telefonoa da hori); euren osasun-zentroak esango die arnas patologiak artatzen dituen zein erreferentzia-zentrotara joan behar duten.

Berregituraketa honen bidez, arnas sintomak dituzten herritarrak espezifikoki sintoma horiek artatzeko prest dauden zentroetan zainduko dituzte; bestalde, herritarren segurtasuna handiagoa izango da, kutsadura ekiditeko bide zehatzak ezartzen baitira.

Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan sintomak dituztenek (Barrualde Galdakao ESIko herritarrak kenduta) 900 20 30 50 telefono-zenbakira deitu behar dute, Araban eta Barrualde Galdakao ESIan ezarritako sistema erabiltzen hasi arte.

Araban, Gasteizen, duela egun batzuk hasi ziren erabiltzen erreferentziako hiru osasun-zentro, zaintza handia behar duten eta arnas sintomak dituzten gaixoentzat: Zabalganakoa, Salburuakoa eta Lakuabizkarrakoa dira, hain zuzen ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria Anbulatorioak albisteak