Gizartea -
Koronabirusa
Iruñeko udaltzainek 42 pertsona zigortu dituzte konfinamendua ez errespetatzeagatik
Gainera, bat atxilotu dute erresistentzia larria egotzita. Guztira 75 esku-hartze egin dituzte: 12 elkarbizitza arazoengatik, 32 ordena publikoa urratzeagatik, 10 behar zutenei laguntza emateko, etab.
agentziak | erredakzioa
Iruñeko Udaltzaingoak 42 pertsonaren aurkako isunak proposatu ditu azken 24 orduetan koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendua urratzeagatik, horietako biren kasuan ez zen lehenengo aldia, eta pertsona bat atxilotu du erresistentzia larriagatik.
Udaltzaingoak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, "etxeko isolamendu egoeragatik laguntza psikologikoa eskatzen hasi dira", eta elkarbizitzan eta ordena publikoan arazoak sortzen ari dira.
Hori horrela, azken 24 orduetan Udaltzaingoak 75 esku-hartze egin ditu, tartean 12 elkarbizitza arazoengatik, 32 ordena publikoa urratzeagatik, eta 10 behar zutenei laguntza emateko.
Azken horien artean, Udaltzaingoak lurrera erori eta ezin zutitu zegoen emakume bati lagundu zion. Suhiltzaileak ere bertaratu ziren, atea irekitzen laguntzeko eta emakumea ospitalera eramateko.
Gainera, zaratagatik edo bizilagunei enbarazu egiteagatik 7 esku-hartze egin dituzte, aurreko egunetan baino dezente gutxiago.
Garaje batean porroak erretzen ari ziren hiru gazteren kasuan ere esku-hartu zuten (haxixa atzeman zieten), eta Vergeleko zentrotik ihes egindako hiru adingabe harrapatu zituzten.
Era berean, kalean jolasten ari ziren aita bat eta bere hiru seme-alabak etxera bidali zituzten, autoa leku publiko batean garbitzen ari ziren beste hiru pertsonaren kasuan bezala.
Guztira, asteburu osoan Udaltzaingoak 313 esku-hartze egin ditu, eta 122 pertsona zigortu ditu.