Gizartea -
Koronabuloak
Armadak ez ditu itxi Euskadi, Madril eta Errioxako erkidegoetako mugak
Martxoaren 13an atera eta hiru erkidego hauetako mugak itxi zituztela esaten zuen albistea ezeztatu du Espainiako Gobernuak.
EiTB
Espainiako Gobernuak ezeztatu egin du Armadak Euskadiko, Madrilgo eta Errioxako erkidegoetako mugak itxi dituela. Martxoaren 13an sare sozialetan zabaldu zen, ustez Barne-Arazoetarako Ministerioak ateratako ohar batek esaten zuela Armadak Madrilgo, Errioxako eta Euskadiko mugak itxiko zituela igande honetatik aurrera.
Ohar faltsu hori, Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen Ministerioaren komunikatu bat bezala publikatu zuten, eta bertan honakoa esaten zen: "Barne-Arazoetarako Ministerioak alerta egoera 2A mailara igo du, ondorioz, martxoaren 15etik aurrera itxi egingo ditugu Euskadi, Madril eta Errioxako erkidegoetako mugak".
Bulo honen hedapena ikusita, Espainiako Gobernuak eta Barne-Arazoetako Ministerioak ezeztatu egin zuten sare sozialetan zabaldu zena, eta argi utzi zuten ez zutela horrelako neurririk hartu.