Gizartea -

COVID-19

Nire maskota koronabirusarekin kutsatu dezaket? Eta berak ni?

Azken egunotan zabaldu diren bulo batzuk ezeztatu ditu Munduko Osasun Erakundeak, haien artean, maskotek koronabirusa zabaldu eta eltxoek transmititu dezakenaren ideia.

Etxeko animaliak COVID-19arekin kutsatuta egon daitezkeenik baieztatzeko "frogarik ez dago". EiTB
Etxeko animaliak COVID-19arekin kutsatuta egon daitezkeenik baieztatzeko "frogarik ez dago".
Etxeko animaliak COVID-19arekin kutsatuta egon daitezkeenik baieztatzeko "frogarik ez dago". EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak adierazi duenez, "ez dago frogarik" etxeko animaliak —txakurrak edo katuak— COVID-19arekin kutsatuta egon daitezkeenik baieztatzeko.

Hala ere, euren webgunean azaltzen dutenez, "egokia da eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea maskotekin ibili ondoren". "Horrek E.coli eta Salmonella eta beste bakterio arrunt batzuetatik babesten du, maskoten eta gizakien artean zabaldu baitaitezke", nabarmendu dute.

Bartzelonako Albaitarien Elkarteak eta Animalien Osasunari buruzko Ikerketa Zentroko eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko adituen esanetan, etxeko animaliak ez dira koronabirusaz kutsatzen eta ez dute COVID-19 gaixotasuna transmititzen.

Bartzelonako Albaitarien Elkarteak maskotak dituzten jabeen kontsulta ugari jaso dituztela onartu du, koronabirusak euren maskotei nola eragiten dien galdezka.

Albaitarien arabera, "egun eskura ditugun datu zientifikoekin, ez dago etxeko animaliek gaitza garatzeko gaitasuna dutela frogatu dezakeen ebidentziarik, ezta birusarekin kutsatu daitezkeenik ere".

"Txakurrek eta katuek beste koronabirus mota batzuek eragindako gaixotasunak izan ditzakete, eta horiek ez diote gizakiari eragiten", zehaztu du Albaitarien Elkarteak.

Animalien osasun espezialisten hitzetan, katuei zein txakurrei eragiten dien koronabirusa eta gizakiei eragiten diena desberdinak dira, animalienak alfa-koronabirusen taldekoak direlako, eta gizakiena, berriz, beta-koronabirus delako; beraz, "maila genetikoan birus erabat ezberdinak dira".

"COVID-19a sortzen duen koronabirusak ez ditu etxeko animaliak kutsatzen, eta ezin diete ez pertsonei ez beste animaliei transmititu", esan dute albaitariek.

"Nolanahi ere —aitortu dute—, animaliek partikula birikoen eramaile pasibo izan daitezke (azalean, sudurrean, etab.), hau da, COVID-19 gaixotasuna duen pertsona baten birusaren eraginpean egon daiteke maskota bat eta birusa harrapatu dezake".

Hala eta guztiz ere, animaliak ukitu ondoren eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea eta gaixo dauden animaliekin kontaktua saihestea gomendatzen dute albaitariek.

Kutsatuek etxean eduki ditzakete etxeko animaliak, betiere "animaliarekiko distantzia gordetzen badute" eta maskara erabiltzen bada, baina "animaliari maskara bat jartzea erabat kontraindikatuta dago".

Animalia albaitarengana eraman behar izatekotan, beste pertsona batekin eraman behar da, eta aldez aurretik albaitariari jakinarazi behar dio, dagozkion neurriak har ditzan.

"Gaixotasunaren ondorioak direla eta, COVID-19arekin kaltetutako pertsonak ezin badu bere maskota zaindu, txakurraren ardura hartzen duten pertsonak saiatu behar dira kutsatutako pertsonarekin kontaktuan egon daitezkeen tresna berberak ez erabiltzen, hala nola, txakurraren janari- eta edari-platerak, uhalak eta lepokoak, eta, oro har, gaixoarekin zuzeneko kontaktuan egon diren materialak", zehaztu du Albaitarien Elkarteak.

Albaitariek eskatu dute arnasteko zailtasunak edota sukarra duten bezeroek eta animaliak albaitariarenean premiaz artatu behar dituztenek ez dezatela animalia albaitaritza-zentrora eraman. Aurretik harekin telefonoz harremanetan jartzea gomendatu dute, kontsulta ahalik eta segurtasun handienarekin egiteko.

Beste bulo batzuk

Era berean, horien arabera, egun ez dagoela koronabirusa eltxoek transmititzen dutela baieztatzeko ez informaziorik ez ebidentziarik. "Kutsatutako pertsona batek eztul edo doministiku egiten duenean sortutako tantatxoen, listu tantatxoen edo sudurraren jariakinen bidez hedatzen den arnas aparatuari eragiten dion birus bat da", gogorarazi dute.

Tenperatura detektagailuak infekzioaren ondorioz sukarra duten positiboak atzemateko eraginkorrak direla adierazi dute, baina, hala ere, zehaztu dute ezin dituztela "kutsatuta dauden baina sukarrik ez duten pertsonak". "Kutsatutako pertsonek bi eta hamar egun bitartean behar dituzte gaixotzeko eta sukarra garatzeko", azaldu dute.

Buloak "ezeztatzeko" atal horretan, Munduko Osasun Erakundeak ukatu egin du klima hotzak birusa hil dezakeela, bainu bero bat hartzeak edo baratxuria jateak infekzioa prebenitu dezakeela edo eltxoek birusa zabal dezaketela. "Baieztapen horiek frogatu gabe daude", azpimarratu dute.

"Ez dago frogaturik klima hotzak koronabirusa edo beste gaixotasun batzuk hil ditzakeenik. Giza gorputzaren tenperatura arrunta 36,5 °C-tik 37 °C-ra bitartean egoten da, kanpoko tenperatura edo klima kontuan hartu gabe. Koronabirusaren aurka babesteko modurik eraginkorrena eskuak alkoholarekin garbitzeko desinfektatzaile bat erabiltzea da, edo urarekin eta xaboiarekin garbitzea", adierazi du nazioarteko erakundeak.

Era berean, bainu bero batek kutsadura saihesten duela ezeztatu dute. Gogoan izan gorputzaren tenperatura beti maila berean egoten dela, dutxak askatzen duen beroa edozein dela ere. "Bainu bat ur oso beroarekin hartzea kaltegarria izan daiteke", horien esanetan, "erretzeko arriskua dagoelako".

Birusa akabatzeko ez dira baliagarriak eskuko lehorgailuak, izpi ultramoreen lanparak edo alkohola zein kloroa gorputz osoan ematea. "Alkohola edo kloroa gorputz osoan zehar botatzeak ez ditu gorputzean sartu diren birusak hilko. Substantzia horiek gorputzean botatzea kaltegarria izan daiteke arroparentzat edo muki-mintzentzat (begiak eta ahoa). Kontuan izan alkohola zein kloroa gainazalak desinfektatzeko baliagarriak izan daitezkeela, baina gomendio egokiekin erabili behar dira", gaineratu dute.

Ildo beretik, gezurtatu egin dute sudurra maiz urarekin garbitzeak infekzioa prebenitzen laguntzen duela: "Proba mugatu batzuen arabera, ohiko hotzeritik azkarrago errekuperatzeko sudurra gatz-soluzioarekin maiz garbitzea lagungarria izan daiteke". Hala ere, ez da frogatu sudurra maiz urarekin garbitzeak arnas infekzioak prebenitzen dituenik". Azkenik, baratxuria ere ez da baliagarria: "Ez dago ebidentziarik baratxuria jateak koronabirusetik babesten duela esateko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Erizaintza Animaliak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundearen albisteak