Gizartea -
Gaixotasuna
Osasun Departamentuak bertan behera utzi du Iruña Rock koronabirusagatik
Nafarroan kasuz kasu aztertuko dituzte datozen egunetan egingo diren kultur, kirol edo gizarte ekitaldiak, neurriak hartu aurretik.
agencias | redacción
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bertan behera utzi du Iruña Rock musika jaialdia, martxoaren 19tik 21era Nafarroa Arenan egitekoa zena. 27.000 pertsona inguru biltzea espero zuten, eta horien % 40 EAEtik eta Errioxatik iristea.
Horixe jakinarazi dute gaur arratsaldean Nafarroako Jauregian egin duten departamentu arteko bileran, Maria Chivite Nafarroako presidentea, Santos Indurain Osasun kontseilaria eta beste departamentuetako 20 bat zuzendari bertan zirela.
Osasun Publikoak kasuz kasu aztertuko ditu datozen egunetan egingo diren kultur, kirol edo gizarte ekitaldiak, neurriak hartu aurretik, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.
Departamentu arteko bileran, Osasun Departamentuak azpimarratu du Nafarroa "koronabirusari aurre egiteko prest" dagoela.
Nafarroak mugatu egin ditu ospitaleetako eta bestelako osasun zentroetako bisitak, eta etxeetara medikuek egiten dituztenak, gaixoak eta langileak zaintzeko neurri gisa. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ere, nagusien eta ezinduen egoitzetako bisitak mugatzeko eskatu du.
Bestalde, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia egitasmo bat prestatzen ari da Foru Administrazioko langileentzat, beharrezko izango balitz neurriak ezartzeko.
Nafarroan gaur 30 gaixo daude koronabirusarekin, eta horietako 8ri gaur atzeman diete gaitza; 3 Zainketa Berezien Unitatean daude, eta gainerakoak, ospitalean edo etxean.