Gizartea -
GIPUZKOA
Donostiako tabernek pintxoak estali beharko dituzte koronabirusagatik
Printzipioz, exijentzia hori osasun alertak iraun bitartean mantenduko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak barran jarritako pintxoak estaltzea exijituko die hiriko ostalaritzako ostatu guztiei koronabirusagatik, "prebentzio, osasun publiko eta higiene neurri gisa".
Donostiako Osasun Publikoko Enrique Ramos zinegotziak neurria Gipuzkoako Ostalari Elkarteko arduradunekin adostu dutela adierazi du "herriko hainbat sektoretan kezkatzen hasia zena" jorratzeko egindako bileran.
"Dirudienez, elikagaiek ez dute birusa transmititzen", gogorarazi du Ramosek, baina, "prebentzioagatik", neurria hartuko da.
Exijentzia hori "hiriko ostalaritza ostatuetan egiten diren derrigorrezko ikuskatzeetako protokoloan txertatuko da", adierazi du zinegotziak eta haustea "osasun-higiene hauste larritzat" joko da, "zigor ekonomikoa edo lokalaren itxiera" ekarri dezakeena jarrera errepikatzen bada.
Hala ere, "Udalak epe bat emango die lokaletako jabeei barrak prestatzeko" eta pintxoak "beira-arasekin, tapekin edo arauak baldintzak betetzen dituzten bestelako elementuekin" estaltzeko.
Printzipioz, exijentzia hori osasun alertak iraun bitartean mantenduko da, iturri berak zehaztu duenez.
Bere aldetik, Gipuzkoako Ostalaritzako zuzendaritzak "barrako pintxoak beiraz edo antzerako sistemekin hornitzea" gomendatzen dien prentsa-ohar bat bidali die elkartekideei.
Helburua pintxoaren "kalitatea" eta "kultura" mantentzea eta "osasun prebentzioko sektoreko praktika onak bermatzea" dela nabarmendu du elkarteak.
"Badakigu neurriak esfortzu ekonomiko garrantzitsua eskatzen duela sektorearentzat, inbertsio mailan zein salmenten jaitsieran", adierazi du elkarteak. Hala ere, aldi beran "hartutako erabakiak Gipuzkoako ostalaritzaren kalitatearen irudia mantentzen laguntzen du", azpimarratu du.