Gizartea -
Zaldibarko luizia
Eusko Jaurlaritzak ez du bilaketa etengo bi langileak aurkitu arte
"Topatzea da aukera bakarra, baina horretarako denbora behar dugu", adierazi du Ernesto Martinez de Cabrero URAko zuzendariak, luiziaren lanak kudeatzen dituen mahai teknikoaren bileraren ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak duela hilabete lurperatuta geratu ziren Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko bi langileen bila jarraituko duela berretsi du, eta bilaketa lehenago uzteko aukera baztertu du.
"Topatzea da aukera bakarra, baina horretarako denbora behar dugu", adierazi du Ernesto Martinez de Cabrero Uraren Euskal Agentziaren (URA) zuzendariak, Ermuan izan den luiziaren lanak kudeatzen dituen mahai teknikoaren bileraren ostean.
"Ez dakizue nola partekatzen dugun bi familien etsipena", adierazi du erreskatearen geldotasuna eta deskoordinazioa aurpegiratzen dituzten kritiken harira.
"Geologoen iritziz egiten ari dira lanak" mendi-hegalaren egonkortasuna zaintzea delako helburua, azpimarratu dute. Lanak "pixkanaka burutzera" behartzen du horrek, eta, gainera, azken egunetako euriak bilaketa atzeratu du.
Anituak jakinarazi duenez, datorren asteburuan bilaketa lanekin jarraituko dute, eta, euren aurreikuspenen arabera, makinekin luiziaren eremu guztietan sartzea lortuko dute, batean izan ezik.
Zabortegi zaharraren baskularen ingurua egiteke dago oraindik, "luiziaren zentroa dagoen lekuan", azaldu du Martinez de Cabrerok.
Zati hori 40 metro inguruko altuera duen hondakinen fronte handi baten azpian dago, eta bertan lanean ari dira 40.000 metro kubiko kentzeko, 39 metro inguru zabaltzeko, eta horrek lurrak eusteko sistema bat planifikatzea eskatuko du.
Orain arte iritsi ez diren bide bat irekitzea lortu dute Anituaren aburuz, eta "hildakoren bat topatzeko aukerak" handitu daitezke; hori dela eta, datozen egunetan zonalde horretan lan egingo dute.
Gasteizko Gardelegiak jaso dezakeen hondakinen kopurua handitzea aztertzen ari dira
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Gardelegik jaso dezakeen hondakin kopurua "noraino irits daitekeen" aztertuko duela adierazi du, Eusko Jaurlaritzak egindako eskaeraren aurrean "ahalik eta industria hondakin kopuru handiena onartzeko".
Urtaranek jakinarazi du "datorren astean" proposatutako 23.000 tona hondakin jasotzen has daitekeela, Zaldibarko zabortegiaren luiziak eragindako krisiari aurre egiteko. Gardelegik kopuru hori bere gain har dezakeela ziurtatu du, "giza baliabideen eta baliabide materialen errefortzu txiki batekin".
Hala ere, Udalak "zabortegiaren ustiapen sistemari eragin gabe" zabor kopuru handiagoa har dezakeen aztertuko du. "Noraino irits gaitezkeen aztertuko dugu", adierazi du alkateak.
Urtaranek argi utzi du Gardelegik jasoko dituen hondakinak "Arabako hondakinak, arriskutsuak ez direnak eta udal zabortegiaren baimena dutenak" izango direla, epe mugatu batean.