Gizartea -
koronabirusa
COVID-19rekin lotutako 10 albiste on
Ignacio Lopez-Goñi Mikrobiologian katedradunak gaixotasunarekin lotutako 10 albiste positibo jaso ditu dibulgazioko artikulu batean, "beldurraren pandemia"ri aurre egiteko.
EITB.EUS
Koronabirusari "ez zaio garrantzia kendu behar, eta "gertatzen ari denaren berri eman behar da", Ignacio Lopez-Goñi Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologian katedradunaren ustez. Dena dela, adituaren aburuz, "albiste onak ere behar ditugu", "beldurraren pandemia" zabaldu baita.
"Hamar albiste on koronabirusari buruz" izenburupean, The Conversation dibulgazio zientifikorako plataformak martxoaren 1ean kaleratutako artikulu batean, adituak 10 arrazoi ematen ditu pandemia horri aurre egiteko "inoiz baino prestatuago" gaudela defendatzeko. Honakoak:
1. Badakigu nor den
Mikrobiologian katedradunak gogorarazi duenez, bi urte luze behar izan ziren hiesa eragiten zuen birusa identifikatzeko. COVID-19 gaixotasunaren kasuan, ordea, egun gutxi batzuetan egin zuten (lehen kasuak abenduaren 31n agertu ziren, eta urtarrilaren 7rako identifikatu zuten birusa); genoma, 10 egunetan. Azaldu duenez, saguzarren koronobirusarekin harremana du birus horrek, eta ez da asko mutatzen.
2. Badakigu zelan atzeman
Gaixotasuna hautemateko testa urtarrilaren 13tik dago eskuragarri. Gainera, denbora honetan hobekuntzak egin dizkiote.
3. Txinan egoera hobetzen ari da
Lopez-Goñik Txinako gobernuaren lana goraipatu eta azpimarratu du "duela jada aste batzuk kutsatutako kasuen kopuruak behera egiten hasi zen".
"Beste herrialde batzuetan jarraipen epidemiologiko oso zehatza egiten ari dira", erantsi du.
4. Kasuen % 80 arinak dira
Gaixotasuna "sintoma bakoa da edo sintoma arinekoa da kasuen % 81ean. Kasuen % 14tan pneumonia larria eragin dezake, eta % 5ean kritikoa edo hilgarria izan daiteke pneumonia hori".
5. Gaixoak osatu egiten dira
Adituak zehaztu duenez, "batzuetan komunikabideetan kaleratzen diren datu bakarrak kasu gehiagorenak edo heriotzen datuak dira, kutsatutako gehienak osatu egiten dira. Hildakoak halako 13 dira osatzen direnak eta proportzio hori handitzen doa".
6. Adingabeei ez die (ia) eragiten
"Kasuen % 3 20 urte beherakoei dagozkie, eta 40 urte azpikoen hilgarritasuna % 0,2koa da. Adingabekoen artean sintomak hain dira arinak ezen gaixotasuna oharkabean pasatu daiteke", adierazi du.
7. Birusa erraz indargabetzen da
Mikrobiologian katedradunak azaldu duenez, "birusa modu eraginkorrean indargabetu daiteke etanolezko soluzio batekin (alkohola % 62-71n), hidrogeno peroxidoa (ur oxigenatua % 5ean) edota hipoklorito sodikoarekin (lixiba % 0,1ean), minutu bakar batean, gainera".
Era berean, gogorarazi du "eskuak xaboiarekin eta urarekin garbitzea dela kutsatzea saihesteko modurik eraginkorrena".
8. Gaixotasunari buruzko 150 artikulu zientifiko baino gehiago dago
Lopez-Goñiren ustez, "zientziaren eta lankidetzaren unea da". Nabarmendu duenez, hilabete pasatxoan 164 artikulu daude PubMed delakoan COVID19 eta SARSCov2 gaitzen inguruan. Horrez gain, beste hainbeste daude oraindik berrikusi gabe. Aurreneko lanak dira hauen inguruan: txertoak, tratamenduak, epidemiologia, genetika, filogenia, diagnostikoa eta arlo klinikoa".
Bada gehiago: "Artikulu horiek munduko 700 adituk eginak daude. Zientzia partekatua eta kode irekian. 2003an, SARSen agerraldia izan zenean, urtebete baino gehiago itxaron behar izan genuen artikuluen erdia edukitzeko".
Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen esanetan, "aldizkari zientifiko gehienek irekita utzi dituzte koronabirusari buruzko azterketak".
9. Txertoen lehen prototipoak badaude
Oraingoz ez dago txertorik "baina zortzi proiektu baino gehiago daude. Antzeko birusen kontrako txertoak garatzen ari ziren eta orain koronabirus berri horren ingurukoak dabiltza lantzen".
Adituak dioenez, "txerto prototipo horietan toxikotasun, albo ondorio, segurtasun, inmunogenizitate, eta segurtasun probak egin behar dituzte. Horregatik diote hilabeteak edo urteak beharko ditugula".
"Prototipo horietako batzuk laster probatuko dira gizakiongan", iragarri du Lopez-Goñik
10. Birusaren aurkako 80 proba kliniko baino gehiago daude martxan
"Txertoak prebentiboak dira. Baina garrantzitsuagoa da gaixo daudenei eman ahal diegun tratamendua. Koronabirusaren kontrako 80 proba kliniko baino gehiago daude. Beste infekzio batzuk tratatzeko erabili diren antibiralak dira, onartuta daude eta badakigu seguruak direla".