Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
Duten gaitasuna muturrera eramateko agindua eman die Jaurlaritzak zabortegiei
Gainera, Iñaki Arriola Ingurugiro sailburuak eskatu die EAEko materialei emateko "lehentasuna", Zaldibarkoaren eta Mutiloakoaren itxierak konpentsatzeko.
agencias | redacción
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro sailburuak zabortegiei eta balorizazio enpresei "baimendutako gaitasuna muturrera" eramateko agindua eman die, eta "lehentasuna" emateko erkidegoan pilatutako zaborrari, Zaldibarko lur-jausiaren eta Mutiloako zabortegiaren itxieraren ostean dagoen biltegi defizita orekatzeko.
Agindu horren bitartez, hondakin ez arriskutsuen zabortegietako jabeei eta hondakin mota batzuk ekoizten dituztenei mugak jarri dizkiete. Azken horien kasuan, balorizatu gabeko materialei eragingo die.
Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, neurri horiekin epe motz zein ertainean oreka bilatu nahi dute Verter Recyclingen esku dagoen Zaldibarko zabortegiko istripuaren eta Cespa Conten S.A.k kudeatzen zuen Mutiloakoaren itxieraren ostean.
Zaldibarren urtero 500.000 tona inguru jasotzen zituzten, eta Mutiloan 350.000 tona gutxi gora-behera. Guztira 2,2 milioi hondakin industrial ez arriskutsu jasotzen dira EAEn, eta bi zabortegi horietara bideratzen zen zati handi bat.
Hondakin industrial batzuk balorizatzeko dauden aukerak aztertuta, EAEko zabortegiak urtean hartu ezin dituzten hondakinak 250.000 tona direla ondorioztatu dute agintariek.
Hala, lehenik, EAEn hondakinak balorizatzen dituzten enpresei baimendutako tratamendu gaitasun maila "gorena" lortzeko ahal duten guztia egiteko agindua eman zaie, eta erkidegotik iritsitako zaborrari lehentasuna emateko.
Gasteizko Udalari, Gardelegi zabortegiaren jabea den heinean, Araban sortzen diren eta balorizatu ezin diren hondakin ez industrial ahalik eta gehien hartzeko exijitu diote.
Era berean, zabortegiek, baimendutako balorizatzaileek eta kanpora bidaltzen dituzten hondakin ez arriskutsuen ekoizleek hilero eman behar diote Administrazioari kudeatutako hondakinen berri, ordena kronologikoan.
Ezarritako neurrien iraupena hamabi hilabetekoa izango da, denbora horretan beharrezko azpiegiturak sortzeko denbora emango diolakoan baitago Eusko Jaurlaritza.