Gizartea -

Zabortegia

Zaldibarko furano eta dioxina mailak nabarmen egin du behera, Jaurlaritzaren arabera

Hala ere, azken egunotako laginek agerian uzten dute lixibiatuen eragina Beko-Aixolan.

Kea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Kea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Kea Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegiaren inguruko aireari egindako azken azterketek agerian utzi dute furanoen eta dioxinen mailak "nabarmen" egin duela behera industria hondakinen sutea itzaltzea lortu zutenetik.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakitera eman duenez, otsailaren 17tik 21era Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren hartutako laginek emaitza horixe eman dute, 45.000tik gora biztanleren lasaitasunerako.

Hala, Osasun Sailak zehaztu du otsailaren 15ean metro kubikoko 1.237 femtogramo atzeman bazituzten, hilaren 21ean kopuru hori 48era jaitsi zela egiaztatu dutela. Sutea itzali izanak eragin omen du, batik bat, kutsaduraren beherakada.

Lixibiatuak

Hala eta guztiz ere, azken egunotako laginek erakusten dute zabortegiko lixibiatuek Beko-Aixola ubidean eragina dutela, baina Jaurlaritzak espero du partikula kutsakorrek behera egingo dutela datozen egunetan.

URA uraren euskal agentziaarabera, 100 parametro aztertu dituzte zabortegiaren inguruko uretan, eta amonio, DB05 eta DQ0 mailak mugak gainditzen ditu Beko-Aixola ubidean, 300 metroko tarte batean, eta baita Ego ibaian ere.

Zabortegiko lixibiatuetan omen du jatorria uraren kutsadurak ubidean, baina Ego ibaian "ez dago harreman zuzenik", oraindik "hiri hondakin urak hodi biltzailearekin lotzeko lanak egiteke" baitaude, eta horren ondorioz izan daiteke.

Saneamendu lan batzuk egin omen dituzte, eta "pixkanaka hobetzen" ari omen da uraren kalitatea, baina oraindik "sarri" atzematen dituzte gehiegizko amonio, DBO5 eta DQO mailak.

Duela astebetetik lixibiatuak uretara iritsi baino lehen jasotzen saiatzen ari dira, kamioi xurgagailuekin jaso eta saneamendu sarera eramaten.

Horrela, otsailaren 20tik aurrerako emaitzak hobeak izango direla espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Ingurumena albisteak Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea azken ordukoa Kutsadura gaur