Gizartea -
Koronabirusa
Koronabirusaren aurka maskara eta gel desinfektatzailea erabiltzea gaitzetsi du MOEk
Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko Osasun Publikoaren zuzendariak zehaztu duenez, Txinako datuak aztertuta, "baliteke epidemiak, dagoeneko, maximoa eginda izatea".
Agentziak | Erredakzioa
Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko Osasun Publikoaren zuzendariak asteazken honetan ziurtatu duenez, koronabirusaren aurreko beldurragatik farmazietan maskarak eta gel desinfektatzaileak agortzea "irrazionala eta neurriz kanpokoa da".
RAC-1 irratiari egindako adierazpenetan, Neirak gogora ekarri du maskarak osasun-langileek erabiltzekoak direla. Halaber, Txinako egungo datuak aztertuta, nabarmendu du bertako biktimen eta kutsatuen kopuruan izandako beherakadak esan nahi lezakeela "epidemiak, dagoeneko, maximoa egin duela, alegia, epidemia-maximoa jada gaindituta egotea".
Neiraren esanetan, kutsadura saihesteko neurririk eraginkorrena da eskuak maiz garbitzea, eta berretsi du ez duela justifikaziorik "maskarak eta gel desinfektatzaileak agortzeak. Beldurra eta jendearen larritasuna ditu oinarri horrek, eta galarazi behar dugu, sufrimendu handia eragiten baitu, gizartean eta ekonomian duen eraginaz gain", adierazi du.
Azaldu duenez, osasun-langileek baliatu behar dituzte maskarak, eta eskatu du maskarak ez erabiltzea modu "irrazionalean".
Agerraldia Txinan sortu zen, eta, Neiraren hitzetan, "ia baieztatuta dago kasuen kopurua maximora iritsi dela. Azken egunotan, eragina txikiagoa izaten ari da, eta hildakoen kopuruak behera egin du".
"Mundu-mailan, birusa badabil, baina neurri txiki batean; kasuen sintomatologia arina edo neurrizkoa da", hau da, gripeak ekartzen dituen ondorioak baditu koronabirusak.
Estatu espainiarrak hartutako neurriak, "guztiz neurrizkoak"
MOEko Osasun Publikoaren zuzendariak esan duenez, espainiar Estatuan hartzen ari diren neurriak "guztiz neurrizkoak" dira; azken egunotan zortzi kasu antzeman dituzte bertan.
"Birusarekin harremana izan dutenen % 80k ez dute inolako sintomatologiarik garatuko; % 15ek sintomatologia arina edo neurrizkoa izango dute; eta % 4k edo 5ek laguntza mediko sofistikatuagoa beharko dute", gogorarazi du Neirak, birusaren arintasuna nabarmentzeko.
"Txinatik kanpoko hedapena aztertzen jarraitzen dugu. Batez ere, osasun-sistema hain garatuta ez duten herrialdeek kezkatzen gaituzte", gehitu du.
Onartu duenez, ez dago birusak kontrolatzerik: "Nahi dugu ezagutu, identifikatu eta horren aurka borrokatu, txertoa garatzeko, tratamendua aurkitzeko; asmoa da deskubritzea nolakoa den, eta zeintzuk diren talderik ahulenak, eta nola prebenitu ahal den", amaitu du.