Gizartea -
Zaldibarko luizia
Aldundiak segurtasun neurriak indartu ditu AP-8an Zaldibarren, luizien arriskuagatik
Asteazkenean, segurtasun horma bat eraikitzen hasi ziren. Horrez gain, luizien aurkako pantaila dinamiko bat jarriko dute, material kopuru handiari eusteko gai den metalezko sare batez osatutakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun neurriak indartu ditu AP-8 autobidean, Zaldibar parean, otsailaren 6an milaka tona hondakin jausi eta gero, lurraren ezegonkortasunaren ondorioz inguruan luizi gehiago izateko arriskua baitago.
Geologoek egindako jarraipen etengabeak agerian uzten du zabortegia hautsi ondoren eroritako hondakin masa ez dela egonkorra, nahiz eta luizia gertatu zenetik igarotako 11 egun hauetan ez den mugimendu esanguratsurik izan, Aldundiak astelehen honetan zabaldutako ohar baten bidez jakinarazi duenez. Ordudanik, baina, bi langile desagertuta daude.
Adituen ustez, euria egiten badu lur gehiago jausteko arriskua egongo da, ingurua ezegonkorra baita. Hori dela eta, hondakinen masaren mugimendua geldiarazteko neurriak hartu ditu Aldundiak, autobideko erabiltzaileen segurtasuna babesteko.
Ildo horretatik, otsailaren 12an autobidearen ondoan segurtasun horma bat eraikitzen hasi ziren Donostiarako noranzkoan, sei metroko altuera eta 50 metroko luzera izango duena, 200.000 euroko aurrekontuarekin.
Horrez gain, luizien aurkako pantaila dinamiko bat jarriko dute, material kopuru handiari eusteko gai den metalezko sare batez osatutakoa. Aldundiak azaldu duenez, sare horrek 75 metro koadroko azalera izango du, eta eusteko dikea baino 40 metro gorago jarriko dute, malda txikiko eremu batean.
Sare hori autobidera iristen den mihiaren amaieran instalatzeko, 6.000 metro kubiko hondakin inguru kendu beharko dituzte luiziaren beheko aldean.
Aldundiaren arabera, luiziak zirkulazioa eten zuen AP-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean 15 orduz, otsailaren 7ko goizeko lehen ordura arte, eta gorabehera ugari sortu zituen errepidean, horiek Bizkaiko errepide-sareko lehentasunezko bi bide direlako.
Testuinguru horretan, Bilborako norabidean doazen bi erreiak garbitu zituzten, eta bi kilometroko bypass bat egin zuten bertan. Donostiarako bi erreiak, ordea, itxita daude oraindik, autobidera hondakin gehiago ezin direla erori bermatu arte.
Otsailaren 7ko goizaldean AP-8 autobidea trafikoarentzat berriz ireki zutenetik, Aldundiak Ermuko autobidea eta saihesbidea ixteko protokoloa du. Protokolo hori Eusko Jaurlaritzarekin batera egin da, eta zabortegiko lurren mugimenduen jarraipena egiteko sistemak luiziak izateko arriskua dagoela ohartarazten duenean aktibatuko da.
Une horretan, aurrealerta aktibatuz gero, Aldundiak eta Ertzaintzak beharrezko baliabideak mobilizatuko dituzte, eta aditu taldeak luizia izateko arriskua benetakoa dela zehaztuz gero, alerta aktibatuko dute, eta autobidean bypassa jarriko dute bi norabideetan doazen ibilgailuak bideratzeko.