Gizartea -
Luizia Zaldibarko zabortegian
Jaurlaritza: "Baliteke hasiera batean ingurumenaren egoera ongi azaldu ez izana"
Furano eta dioxinekiko esposizioak "epe laburrera eta luzera" osasunean eraginik ez duela ziurtatu dute Jaurlaritzako teknikariek. 5.000 pertsonak protesta egin zuten atzo, erantzukizunak eskatzeko.
Agentzia | Erredakzioa
Larunbatean Eibar, Ermua, Zaldibar eta Elgetan kalera atera ziren milaka pertsonen beldurra ikusita, furanoekiko eta dioxinekiko esposizioak "epe laburrera eta luzera" osasunean eraginik ez duela ziurtatu dute Osasun Saileko Osasun Publiko Laborategiko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Aire Zerbitzuko arduradunek, nahiz eta zonaldean 40-50 aldiz partikula kutsatzaile gehiago neurtu.
Ermuan egin dute agerraldia. Aire Zerbitzuko laborategi mugikor berrietako bat bertan jarri dute; bestea Eibarren dago. Saioa Ferro Eusko Jaurlaritzako Aire Zerbitzuko arduradunak eta Joseba Bidaurrazaga Osasun Publikoko zuzendariordeak onartu dutenez, "baliteke hasiera batean ongi azaldu ez izana" ingurumenaren egoera, kutsatzaile guztien inguruko daturik ez zutelako.
Eusko Jaurlaritzak zein Ermuko eta Eibarko alkateek ur eta airearen kalitatearen inguruko lasaitasun mezuak zabaldu zituzten hasieratik, "arriskuak baztertuz", laborategi mugikorretan egiten ari ziren azterketak oinarri hartuta. Hala ere, ostiralean (otsailak 14) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak premiazko prentsaurrekoa eman zuen. Zaldibar, Eibar eta Ermuan "etxebizitzak ez aireztatzea, gauean leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea" gomendatu zuen, zabortegiko suteak eraginda, airean dioxinak eta furanoak direlako.
Era berean, Madrilgo CSIC laborategietan egindako beste azterketek partikulak antzeman zituzten. Laginak otsailaren 9an bidali eta emaitzak 14an jaso zituzten.
Langileak Zaldibarko zabortegian, gaur, otsailak 16. Irudia: EiTB
Larunbatean, Ingurumen Sailak gomendioekin jarraitzeko eskatu zuen ohar batean; izan ere, 18:00ak arte bildutako datuen azterketek furano eta dioxina maila esanguratsuak neurtu zituzten Zaldibar, Ermuan eta Eibarren.
Igande honetan, Eusko Jaurlaritzako teknikariek zehaztu dutenez, haize bortitzak kutsadura sakabanatu eta urrunago eraman du, baita toxinen pilaketa murriztu ere.
Eusko Jaurlaritza Zaldibarreko zabortegitik gertu dauden herrietan airearen kalitatea etengabe neurtzen ari da iragan ostiraletik, Ermuan eta Eibarren dauden Aire Zerbitzuko laborategi mugikorren eta eskuz hartzen dituzten laginen bidez.
Dispositibo berriek 172 osagai organiko lurrunkor aztertzen dituzte (erregaiak kiskaltzen direnean askatzen dira, hala nola, gasolina, egurra, ikatza edo gas naturala. Disolbatzaileak, pinturak eta beste produktu batzuek ere sortzen dituzte). Osagai horien maila airean "ongi" dago, emaitzen eta teknikarien arabera. Gainera, airean amianto zuntza neurtzen ari dira: "metal astunen maila egokia da, eta, amiantoari dagokionean, emaitzek negatibo eman dute. Hau da, parametro logikoen barruan daude", adierazi dute.
Hala ere, ez dituzte dioxinak eta furanoak neurtzen, partikula horiek CSICek aztertzen baititu. Datozen ostegunean Madrilgo laborategiek furano eta dioxina mailaren azken azterketen emaitzak bidaltzeko zain, kutsatzaile horien horrenbesteko mailarik ez zutela espero onartu dute teknikariek. "Dioxina eta furano mailak behera egitea espero dugu, baina sutearen eta baldintza meteorologikoen menpe dago", nabarmendu dute.
Teknikariek Ermuan agerraldia egin dutenean, jende gutxi zegoen herriko kaleetan. Ateratzen diren herritarrek zabortegiko sutearen kiratsa jasan behar dute, baita ahoan metal zaporea ere.
Lehendakaria mahai teknikoaren bileran izan da
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak luiziaren jarraipena egiteko mahai teknikoaren bileran parte hartu du igande honetan. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak agintaria lagundu dute.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Interbiak egoitzan bilera egin ondoren, luiziaren zonaldea bisitatu du lehendakariak, desagertutako pertsonen senideekin batera.
Mahai teknikoa, goizeko bilera. Irudia: EiTB
Luiziaren jarraipena egiten ari den mahai teknikoa berriz bilduko da astelehenean; Eusko Jaurlaritza Bizkaiko zabortegiekin eta hondakinak sortzen dituzten enpresekin batzartuko da arratsaldean, epe labur eta ertainera Zaldibarko hondakinak nora eraman aztertzeko.
Astelehenetik aurrera hitzaldiak emango dituzte hiru udalerri kaltetuetan, Eusko Jaurlaritzako teknikariek azalpenak eman eta bizilagunen zalantzak argitzeko. Aurreneko hitzaldia Ermuan emango dute.
Gertatutakoari aurre egingo dion egitasmo bat aurkezteko zazpi eguneko epe "luzaezina" eman zion Ingurumen Sailak enpresari. Epea asteartean agortzen da. Egun horretan bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, azalpenak emateko.
Ostegunean azterketa berrien emaitzak (dioxinen presentzia) jakinaraziko dituzte.