Gizartea -
Portugalete
Maribel Tellaetxeren familiak eutanasiaren legea azkar izapidetzea eskatu du
Azaldu duenez, "legea egun bat lehenago egoteak sufrimendu egun bat kenduko die milaka pertsonari".
agentziak | erredakzioa
Maribel Tellaetxeren familiak, alzheimer gaitzak jota zegoen bizkaitarraren sendiak, eutanasia legeztatzeko sinadura bilketa egin zuenak, "azkartasuna" eskatu die agintariei eutanasiaren legea onartzeko, eta etorkizunera begira "babestuta eta blindatuta" geratzea nahi dute.
Lorente-Tellaetxe familiak prentsaurrekoa eman du gaur Portugaleteko (Bizkaia) udaletxean, Asun Gomez Luis de Marcos esklerosia zuen eta eutanasia eskatu zuen gizonaren alargunarekin eta Marcos Ariel Hourmann Espainiako Estatuan eutanasia praktikatzeagatik zigortutako lehenengo medikuarekin batera.
Danel Lorentek, Maribel Tellaetxeren semeak, legearen izapideak "azkar" egiteko eskatu die agintariei, "pasatzen den egun bakoitzean milaka pertsona daudelako gure amak sufritu zuen moduan sufritzen". Azaldu duenez, "legea egun bat lehenago egoteak sufrimendu egun bat kenduko die milaka pertsonari".
Legearen aurkako argudioak "sineskerietan eta fedean" oinarritzea kritikatu du, eta eztabaidan "fedearen gainetik arrazoia" inposatzea eskatzeaz gain, Espainiako Gobernuari galdegin dio legea "babesteko eta blindatzeko, etorkizuneko legegintzaldietan azal daitezkeen inkisidoreen aurrean".
Dena den, aitortu du "zuzendu" beharreko kontu batzuk ere badituela lege proposamenak, eta "zalantzak" ere sortzen dituela; izan ere, ez dakite zer suposatuko duen kontrol batzordeak autonomia erkidegoen esku egoteak, "negazionistek" agintzen duten erkidegoetan gertatu daitekeenagatik.