Gizartea -

''Zaldibar argitu orain''

Manifestazioa deitu dute Zaldibarko zabortegiaren luizia salatzeko

Ermutik, Eibartik (17:00) eta Elgetatik (16:30) irtengo diren zutabeek Eitzagan (Zaldibar) egingo dute bat. Deitzaileek diotenez, "lehentasuna erantzule politikoen aurpegia garbitzea izaten ari da".

Astelehenean Eibarren egindako manifestazioa. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Astelehenean Eibarren egindako manifestazioa.
Astelehenean Eibarren egindako manifestazioa. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritar multzo batek manifestazioa deitu du biharko "Zaldibar argitu orain" lelopean Bizkaiko herri horretako zabortegian gertatutako luizia salatzeko.

Sare sozialetan zabaldutako deialdiaren arabera, mobilizazio zaratatsuak hiru zutabe izango ditu: 17:00etan Ermutik eta Eibartik bana aterako da, eta 16:30ean, beste bat Elgetatik. Hirurek Zaldibarko Eitzaga auzoan, Verter Recycling 2002 enpresak hondakindegia duen tokian, egingo dute bat.

Deitzaileek salatu dutenez, "lehentasuna langileak ateratzea izan beharrean, erantzule politikoen aurpegia garbitzea izaten ari da. Airearen kalitatea ona dela esaten badute ere, zabortegiak sutan darrai eta keak gure herriak estaltzen ditu. Azkenik, gertatutakoaren eta ondorioen azalpen argirik eman gabe jarraitzen dute".

Diotenez, "langileak, osasuna eta erantzukizunak" aldarrikatzeko unea da. Era berean, manifestazioa antolatzeko gaur arratsaldean bilera irekia antolatu dutela —Eibarko Arrate kultur elkartearen aretoan, 18:30ean— jakinarazi dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (ELA, LAB, Steilas eta beste sindikatu batzuek eta hainbat gizarte eragilek osatutakoa) bat egin du deialdiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Zer gertatu da Bizkaian? Ermua bideoak Eibar argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Manifestazioak gaur Zaldibar azken ordukoa Luiziak gaur Durangaldea albisteak