Gizartea -

Protesta

1.000 pertsona baino gehiagok apustu-etxeen aurka protesta egin dute Iruñean

Manifestari gehienak gazteak ziren. Aldez aurretik Zizur, Berriozar, Mendillorri eta Uhartetik abiatu dira, eta bidean herrietako eta auzoetako bizilagunek bat egin dute.

Apustu-etxeen aurkako manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Apustu-etxeen aurkako manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Jokoa ''adikzioa sortzen duen negozioa'' dela salatu dute milaka lagunek Iruñean

1:07

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apustu-etxeen aurkako manifestazio batek Iruñeko kaleetan ibilbidea egin du arratsaldean. Ehunka pertsonak parte hartu dute. Manifestari gehienak gazteak ziren. Aldez aurretik Zizur, Berriozar, Mendillorri eta Uhartetik abiatu dira, eta bidean herrietako eta auzoetako bizilagunek bat egin dute.

Apustu-etxeen aurkako Iruñerriako Plataformak deitu du manifestazioa, eta dozenaka kolektibok eta elkartek bat egin dute, tartean, sindikatu, alderdi politiko, bizilagun eta gazte kolektiboek.

Gaztelu Plazara heldu denean, "Apustu etxerik ez. Borrokarekin irabaziko dugu" lelopean aurrera egin du zutabe nagusiak. Besteak beste, "Kasinoak zure auzokidea hiltzen du", "Gure auzoetatik kanpora" edo "Zuen negozioa, gure miseria", oihukatu dute manifestariek.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, 1.200 bat pertsonak parte hartu dute manifestazioan. Martxa abiapuntura itzuli da, eta bertan agiri bat irakurri dute deitzaileek.

Gutxi lehenago, Hodei Aranguren Apustu-etxeen aurkako Iruñerriako Plataformako bozeramaileak azaldu duenez, "arazo oso kezkagarri batean" arreta jarri nahi du protestak, "gizartea kalera atera eta haren aurka borroka egiteko beharra ikusten dugu", bereziki gazteei eragiten dielako.

"Apustu-etxeak ixtea nahi dugu, ez araudi bat"

"Apustu-etxeak ixtea nahi dugu, ez araudi bat", erantsi du. "Herrien eta auzoen arteko batasuna beharrezkoa dela uste dugu, ahots ozenagoa izateko eta ardura duenak gauzak arautzeko, nahiz eta guk ixtea nahi", errepikatu du.

Gazteriaren erantzuna azpimarratu du, apustu-etxeek eskaintzen duten aukera "gazteek ez dutelako nahi", baina bereziki kaltegarria da eurentzat, "gazteak erakartzeko iragarki eta bonuak nagusi direlako".

Manifestazioa prestatzeko, aldez aurretik kontzientziazio lana egin dutela nabarmendu du Arangurenek. Azkenik, Podemos, Batzarre, Ezkerra, EH Bildu, Alderdi Komunista edo Geroa Baik emandako babesa azpimarratu du, alderdiek Parlamentuan eta Gobernuan legedia egiten dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Berriozar Uharte Zizur