Gizartea -
Koronabirusa
Koronabirusa izan lezakeen emakume bat eraman dute Txagorritxuko Ospitalera
Emakume hori duela gutxi Txinan egon zen. Analisien emaitzak 24-48 ordutan eskura izango dituztela espero da. Nolanahi ere, Osakidetzak lasaitasunerako deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak koronabirusari aurre egiteko protokoloa jarri du martxan Gasteizko Txagorritxu ospitalean, kasu susmagarri bat antzeman ostean. Pazientea duela gutxi Txinan egon zen emakume bat da.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, analisiaren laginak Majadahondako (Madril) laborategira eraman dituzte eta emaitzak 24-28 ordutan eskura izango dituztela espero da.
Espainiako Osasun Ministerioaren larrialdiak eta alertak koordinatzeko zentroak ere badauka kasu honen berri.
Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute zuhurtasunez eta zorrotz ari direla jokatzen koronabirusaren zabalkundearen harira eta, ondorioz, lasaitasunerako deia egin diete herritarrei.