Gizartea -

GURUTZETAKO OSPITALEA

Koronabirusa izan dezakeen pertsona bat ospitaleratuta dago Bizkaian

Duela gutxi Txinako Wuhan hirian egon den emakume bat da gaixoa, eta gaitzaren sintomak ditu. Gurutzetako ospitalean dago, isolamenduan.

Txinako tren-geltoki batean, garbiketa lanetan. Argazkia: EFE.
Txinako tren-geltoki batean, garbiketa lanetan. Argazkia: EFE.
Txinara bidaiatu berri duen emakume bat isolamenduan du Osakidetzak

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusa izan dezakeen pertsona bat ingresatu zuten atzo arratsaldean Gurutzetako Ospitalean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu duenez. Duela gutxi Txinako Wuhan hirian egon den emakume bat da, eta gaitzaren sintomak ditu. Isolamenduan dago. 

Osasun arduradunen arabera, analisiak egin dizkiote, eta halako azterketak egiteko erreferentziazko den Madrilgo Mikrobiologia Laborategira bidali dituzte laginak. Emaitzak 24-48 ordutan ezatea espero da.

Emaitzen zain, Jaurlaritzako Osasun Sailak gaixotasun infekziosoei aurre egiteko protokoloa martxan jarri du, eta balizko kasu honen aurrean neurriak hartu ditu. Koronabirusarekin kutsatuta egon daitekeen emakumearen inguruko pertsonei ere azterketak egin zaizkie, badaezpada, eta Espainiako Gobernuko Osasun Sailari kasuaren berri eman zaio.

Gurutzetan dagoen pazientearen jarraipen zehatza egingo dutela eta informazioa guztia herritarrei jakinaraziko zaiela zehaztu du Osakidetzak.

Halere, Gaixotasun Infekziosoen Aholku Batzordeak ez du "alertarako arrazoirik" ikusten, eta herritarrei "lasaitasuna" eta "sosegua" eskatu die. Batzorde horrek bilera egin zuen atzo, Gasteizen, Wuhango koronabirus berriaren egoera epidemiologikoa aztertzeko. 

Osasun Sailak gogorarazi duenez,  gripeari aurre egiteko prebentzio neurri berberak hartu behar dira koronabirusarekin ere.

Frantzian, hiru kasu

Bestalde, Frantziako Gobernuak Wuhango koronabirusaren hiru kasu baieztatu ditu, Bordelen eta Parisen. Europan antzeman dituzten lehen kasuak dira.

Osasun Ministerioak azaldu duenez, hirurak Txinan egon dira duela gutxi; horietako bat Bordelen ospitaleratu dute, eta beste biak Parisen.

Agnes Buzyn Osasun ministroaren arabera, Bordeleko gaixoa 48 urteko jatorri txinatarreko pertsona bat da, arrazoi profesionalengatik joan zena Wuhanera. Beste gaixoari dagokionez, Parisko Bichat ospitalera eraman dutela adierazi du.

Bordeleko pazientea atzo joan zen medikuarengana eta berehala sartu zuten isolamenduan. Hamar bat pertsonarekin egon dela harremanetan zehaztu dute.

Parisen ospitaleratutako lagunaren harira, ministroak esan du oraingoz ez dutela haren historiala jaso, baina egin dioten frogan positibo eman duela baieztatu du.

"Litekeena da kasu gehiago izatea Europan", ohartarazi du Buzynek. Ildo horretan, koronabirusaren epidemia "itzali beharreko sua" dela erantsi du.  

Gaurtik aurrera, Frantziako Osasun Ministerioak egunero emango du koronabirusak herrialde horretan eragindako kasuei buruzko informazioa. Txinan izan ostean, gaitzaren sintomak antzemanez gero, ospitalera ez joateko eta epidemia honegatik ezarritako telefonora deitzeko eskatu dute. Deia jasota, larrialdi zerbitzuetako langileak bertaratuko dira pertsona horren etxera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Osakidetza Eusko Jaurlaritza Txina Europa Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Gurutzetako ospitalea