Gizartea -
Indarkeria matxista
53 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon emakume bati sexu erasoa egiteagatik
Erasoa hilaren 11n jazo zen, Gurutze auzoko taberna batean, eta hiru egun geroago atxilotu zuen Ertzaintzak, gaur zabaldu bada ere.
EITB.EUS
Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bilbon joan den asteartean, urtarrilaren 14an, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur eitb.eus-i baieztatu dionez.
Horren arabera, erasoa urtarrilaren 11n jazo zen, Gurutze auzoko taberna batean. Biktimak bi egun geroago aurkeztu zuen salaketa, eta, ondoren, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen Ertzaintzak.
Atxilotutakoa joan den astean igaro zen epailearen aurretik, baina ez da zabaldu zer erabaki zuen Epaitegiko titularrak.
Bilboko Udalak "irmotasun osoz gaitzetsi" du Gurutze auzoko eraso matxista, "giza eskubideak modu larri eta jasanezinean urratzen" dituen aldetik. Halaber, biktimari eta gertukoei babesa adierazi die.
Udalak gaur onartutako adierazpen instituzional batean nabarmendu duenez, eraso sexual eta sexistek "gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dute". Hori dela eta, herritarrei "edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia" egin die, eta "inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu. Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean".
Azkenik, adierazi du eraso hori gaitzesteko antolatzen diren ekintzetan parte hartuko duela.