Gizartea -
Krisi klimatikoa
Iragan hamarkada, historiako beroena
Azken 140 urteetako 5 urte beroenak 2015etik aurrera izan dira. 2019an tenperaturak gora egin zuen 43. urtez jarraian.
agentziak | erredakzioa
"Lur planeta berotzen ari da", adierazi du gaur Gavin Schmidtek, NASAren Goddard Institutuko zuzendariak, azken hamarkada historiako beroena izan dela agertzen duen txostenaren aurkezpenean.
Horren arabera, 2019a izan da historiako bigarren urte beroena, tenperatura aurreko mendeko batez bestekoa baino 0.95 ºC altuagoa izan baita. 2016an, urte beroenean, 0,99 ºC altuagoa izan zen.
Gainera, erregistratuta dauden azken 140 urteetako bost urte beroenak 2015etik aurrera izan dira, eta azken 15 urteetan izan dira 9 tenperatura altuenak.
Deke Arndt NOAA erakundearen ordezkariaren arabera, datu horiek eskuartean, "ia ziur esan daiteke datorren hamarkada are beroagoa izango dela".
Era berean, 2019an 43. urtez jarraian igo da lurreko eta ozeanoetako tenperatura XX. Mendeko batez bestekoarekin alderatuta.
Hala, lurreko tenperatura aurreko mendeko batez bestekoa baino 1,42 ºC altuagoa izan zen, eta ozeanoak 0,77 Cº beroago zeuden aurreko mendean baino. 2016an soilik atzeman dute igoera handiagoa: 1,54 ºC lurrean eta 0,79 ºC itsasoan.
2019a erregistratutako bigarren beroena izan da Hegoamerikan, XX. mendeko batez-bestekoaren gainetik 1,24 ºCan. 2015a soilik izan zen beroagoa.
Europan ere bigarren urte beroena izan zen iazkoa. Gainera, azken sei urteetan kontinenteko batez besteko tenperatura altuenak izan dira. Hamarkada bakoitzean 0,14 ºC igo da tenperatura 1910etik, baina hazkunde hori hirukoiztu egin da 1981etik, batez besteko igoera 0,46 ºCkoa izan baita.
Iparramerika da historiako batez-besteko tenperatura altuenetako bat ez duen kontinente bakarra, baina arrazoia da 2019 amaieran Artikoko hotz denboralea izan zutela.
Ozeanian, berriz, Australian izandako suteak kontuan izanda, historiako tenperatura altuena izan zen 2019an, aurreko mendeko tenperatura baino 1,4 ºC altuagoa.