Gizartea -

Atxuriko krimena

Epaimahaiak errudun jo du Bilbon alaba hil zuen emakumea, hilketa egotzita

Gainera, bi larrigarri ezarri dizkiote: senidetasuna eta azpikeriaz egindako hilketa. Akusazioek espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute. Umeak bederatzi urte zituen.

Hilketa Atxuri auzoko eraikin honetako etxebizitza batean gertatu zen. Argazkia: EFE
Hilketa Atxuri auzoko eraikin honetako etxebizitza batean gertatu zen.
Epaimahaiak errudun jo du Bilbon alaba hil zuen emakumea

1:17

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaimahaiak erreduntzat jo du Bilbon bederatzi urteko alaba hiltzeagatik auzipetutako emakumea. Hilketa egotzi diote, bi larrigarrirekin: senidetasuna eta azpikeriaz egin izana.

Epaimahaikideek –bost emakume eta lau gizon- arratsalde honetan aurkeztu dituzte beren ondorioak. Epaiketa asteartean amaitu zen, lau saioren ostean.

Ebazpena bat dator Fiskaltzak eta akusazio partikularrak –biktimaren aita– nahiz herri-akusazioak hasieratik adierazi dutenarekin: emakumeak neskatila azpikeriaz hil zuela, alegia.

Epaimahaiak frogatutzat eman du umeari sendagai ugari eman zizkiola eta nahasketa horrek bihotz-geldialdia eragin ziola. Halaber, alaba konorterik gabe zegoenean ito egin zuela esan zuten adituek epaiketan, baina autopsiarekin ezin izan dute hala izan zela baieztatu.  

Gauzak horrela, akusazioek espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute auzipetuarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du, burua estalita zeraman gizon batek emakumea alaba hiltzera behartu zutela berretsita.

Horrez gain, emakumeak egindakoa aitortu eta justiziarekin kolaboratu duela kontuan hartzeko eskatu du defentsako abokatuak. Epaileak onartuz gero, zigorra murriztuko liokete eta, ondorioz, espetxe iraunkor berrikusgarria ezartzea ekidingo luke.

Gertakariak joan den urtarrilaren 16an jazo ziren. Biktimaren ahizpak konorterik gabe topatu zituen ama-alabak etxean eta larrialdi zerbitzuak ohartarazi zituen. Ama suspertzea lortu zuten, baina neskatila hil egin zen.

Epaimahaiak ebazpena emanda, epaileak datozen egunetan idatziko du epaia.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia EAE Delituak bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Erailketak Gurasoak