Gizartea -
Aitortza
2020ko Donostiako Hiritar Merezimenduaren Dominek badute jabea
Why Not Fundazioa, Naizen Elkartea, Bikarte Kultur Elkartea, Jesus Rubio Rymond eta Itziar Mintegui Martinez izango dira Udalak aitortza egingo dien elkarte eta herritarrak.
eitb.eus
Donostiako Udalak 2020ko Hiritar Merezimenduaren Dominak jasoko dituzten elkarteak eta herritarrak aurkeztu ditu. Why Not Fundazioa, Naizen Elkartea, Bikarte Kultur Elkartea, Jesus Rubio Rymond eta Itziar Mintegui Martinez dira hautatutakoak. Urtero lez, dominak urtarrilaren 19an banatuko dira, San Sebastian egunaren bezperan.
Why Not Fundazioak buruko gaitza duten pertsonen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten lanagatik jasoko du aitortza. 2010etik, pertsonen aisialdia eta denbora librea hobetzeko helburu garbiarekin ari dira lanean.
Naizen Adingabe Transexualen Gurasoen Elkarteak ere jasoko du domina. Garai batean Chrysallis Euskal Herria izan zenak haur eta gazteen transexualitatearen gainean sentsibilizazioan egiten duen lanagatik, eta egoera horretan dauden adin txikikoen familiei ematen dien laguntzagatik jasoko du aitorpena.
Bikarte Kultur Elkarteak ere jasoko du Domina. Kasu honetan, Errusiako eta Bielorrusiako haurren aldi baterako harreran egiten duen lanagatik.
Jesus Rubio Rymond, berriz, hainbat arlo sozialetan egin duen lana aintzatetsia izan dadin omenduko dute. Orona S. Coopen sortzaileetako bat izateaz gain, euskararen eta eskupilotaren harrobiaren alde egindako lanak aitortu nahi dizkiote.
Azkenik, Itziar Mintegui Martinezi Animalien eta Landareen Babeserako Elkartean egiten duen lanagatik emango diote Hiritar Merezimenduaren Domina.