Gizartea -
COP25
Lortu dute akordioa, azkenean, Madrilgo Klimaren Goi-bileran
Ostiralean amaitzekoa zen COP25, baina agintariak ez ziren ados jarri 2020tik aurrera larrialdi klimatikoaren aurka neurri zorrotzagoak hartzeko. Igande goizean iragarri dute akordioa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilen ospatu den Klimaren Goi Bilerako kideek dokumentua adostea lortu dute, azkenean, Parisko Akordioa bete eta 2020tik aurrera larrialdi klimatikoaren aurka zorrotzago jokatzeko. Helburua, mende honetan planetaren batezbesteko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea da, eta horretarako, isuriak murriztea ezinbestekoa da.
Aldiz, ez dute lortu karbono merkatu globala erregulatuko lukeen akordioa, (6. artikulua), Parisko Akordiotik garatzeko geratzen den puntu bakarra. Gai hori Glasgowen egingo den hurrengo COP bilerarako utzi dute. Han, kontabilitate bikoitza ekidingo luketen merkatu mekanismoen diseinua adosteko esperantza agertu dute, Parisko Akordioaren anbizioari erantzuteko eta sistemaren ingurumen integritatea bermatze aldera.
"Chile-Madrid, ekiteko garaia" izena du akordioak eta kostatu da aurrera ateratzea. Izan ere, ostiralean amaitzekoa zen COP25 Konferentzia baina agintariak ez ziren ados jartzen eta ia bi eguneko negoziaketa-maratoiaren ostean, goizeko 10:30 aldera iragarri dute akordioa.
Gau-goizaldean etengabe negoziatzen aritu ondoren, 10:00ak aldera hasi da osoko bilkura. Brasil ozeanoen eta lurraren paperaren inguruko bi artikulu dokumentuan sartzearen aurka zegoen eta horrek ezinezkoa egiten zuen akordioa. Azkenean, foroak aho batez hala eskatuta, onartu egin du Brasilek, "aintzat" hartu dituelako Tuvalu eta Indonesia.
COP25aren azken akordioak dio 2020an munduko herrialdeek isuriak murrizteko konpromiso anbiziotsuagoak aurkeztu beharko dituztela (Zehaztutako Ekarpen Nazionalak deituak) larrialdi klimatikoari aurre egiteko.
Akordioaren arabera, ezagutza zientifikoa izango da herrialdeek konpromiso horiek hartzeko erabiliko dituzten "ardatz nagusiak" eta etengabe eguneratu beharko dituzte horiek, zientzia aurrerakuntzekin batera.
Isuririk gabeko mundu baterako trantsizioa "justua" izateko betebeharra eta trantsizio horrek lanpostu duinak sortzea ere jasotzen du testuak.
Gobernuz kanpoko aktoreen ekintza klimatikoa ere aitortzen du akordioak eta horiek handitu eta klimarekin bateragarriak izango diren estrategiak orokortzera dei egiten die.
Erantzun klimatikoaren erdian pertsonak eta horiek kezkek egon behar dutela ere badio testuak.
Klima aldaketak herrialde ahulenetan eragiten dituen kalte "atzeraezinen" aurka lan egiteko konpromisoa jasotzen du dokumentuak, Varsoviako Galeren eta Kalteen Mekanismoaren baitan. Halaber, generoaren arloko plan berri bat ere jasotzen du, larrialdi klimatikoak emakumeei eta neskei eragiten dizkien arazo eta ondorioei erantzun ahal izateko.
Zapore gazi-gozoa agintarien artean eta etsipena Gobernuz Kanpoko erakundeetan
Emaitzagatik etsita agertu da Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, baina adierazi du ez duela amore emango krisi klimatikoaren aurkako borrokan; "nazioarteko komunitateak aukera garrantzitsua galdu du, klima-krisiari aurre egiteko arintze, egokitzapen eta finantzetan anbizio handiagoa erakusteko".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bat egin du sare sozialen bidez Madrilgo klimaren goi-bilera "korapilatsuaren" akordioarekin, eta nabarmendu du "nazioarteko lankidetzaren, zientziaren eta ekintza klimatiko gehiago eskatzearen balioa eta eragin soziala berresten" direla.
Carolina Schmidt COP25 Konferentziako presidente eta Txileko Ingurumen ministroa ez da oso pozik agertu. "Bihotza jarri dugu eta akordioa lortzeko ahalegina egin dugu" esan du, dena dela. Schmidtek, agurreko hitzaldian, deitoratu egin du 6. artikulua ezin itxi izana, "karbono-merkatu sendo bat, ingurumenarekiko integritatea izango duena, baliabideak sortzera bideratua egongo dena, emisio txikietan oinarritua eta klimari erresilientea izango dela lortzeko".
Erakunde ekologistek deitoratu egin dute gizartearen eskaeren eta gobernuen artean dagoen "arrakala handia". Azken adierazpena ez dela larrialdi klimatikoak "duen presaren mailan egon" esan dute.
Amaierako osoko bilkuran izan diren nazioarteko hainbat gizarte mugimenduren ordezkariek ere "etsipena" adierazi dute gaur onartutako testuarekin. Izan ere, justizia sozialari heldu gabe jarraitzen dute, eta euren ahotsa ez dutela kontuan hartu ere salatu dute.
Fridays for Future Espainia gazte mugimenduarentzat "porrota" izan da Madrilgo Klima Aldaketari buruzko NBEren XXV. Konferentzia. "Erabakiak hartzeko garaian akordio handinahirik ez egoteak are frustrazio handiagoa eragin du gazterian eta ostiraletan kalera ateratzen jarraituko dugu", iragarri du mugimenduak.
Mugimenduak gogorarazi duenez, Fridays for Future taldeak aurten mundu osoan egin dituen mobilizazioen ondoren eta herrialde askok egin dituzten larrialdi klimatikoaren inguruko adierazpenen ondoren, "goi-bilera honetan arazoa larrialdia bezala jorratzen hastea espero zen". Horren ordez, "adostasun handirik uzten ez duten negoziazioak" izan dira euren iritziz, planetaren tenperatura 1,5 ° C baino gehiago igo ez dadin "nahikoa ez diren konpromisoak" eta "giza eskubideei buruzko aipamenik egiten ez duen hizkera ahul bat erabili dute, gainera" salatu dute. Mugimendu honen ustez, elementu horiek "funtsezkoak" ziren justizia klimatikoa benetakoa izan zedin, baina COP26-era atzeratu dira erabaki asko.
Extinction Rebellionetik ere Klimaren Goi-Bilera honen emaitza "porrota" izan dela esan dute. "Porrotaz baino ezin dugu hitz egin, arduragabekeria politikoaz", esan du Saul Flores bozeramaileetako batek. Horregatik, "gizarte zibilak eman duen erakustaldiarekin" geratu nahi dutela adierazi du; nazioarteko komunitate politikoak ez bezala, "bat egiteko arazorik ez baitu".