Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Adostasun faltak COP25 goi-bilera beste egun batez luzatuko du
Biltzarreko presidente txiletarrak zirriborro berri bat aurkeztu du larunbat honetan. Gobernuz kanpoko erakundeek azken dokumentu hori kritikatu dute, "konpromiso ahulak" hartzen dituelako.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Klima Goi-bilerak atzerapen berri bat izan du, eta herrialdeetako ordezkaritzen arteko negoziazioak hamalaugarren egunez luzatuko dira COP25 biltzarrean, larrialdi klimatikoari aurre egiteko akordio bat lortzeko saiakeran.
Bilkuraren amaiera behin baino gehiagotan atzeratu dute dagoeneko, eta larunbat honetan beste atzerapen bat izan du.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko testu berri bat negoziatzen ari dira aldeak. Presidentetza txiletarrak aurkeztutako azken zirriborroak zenbait herrialderen eta gobernuz kanpoko erakundeen haserrea eragin du.
COP25 goi-bilera Carolina Schmidt biltzarreko presidente txiletarrak aurkeztutako dokumentu berria eztabaidatu dute larunbat honetan. Alde batzuek erreparoak azaldu dituzte berehala, besteak beste, Brasilek eta Saudi Arabiak. Europar Batasunak, aldiz, anbizio handiagoa eskatu du.
Schmidtek zirriborroa aurkeztu du goi-bileran, buruzagiek osoko bilkuran berriro eztabaida dezaten.
Testuak Pariseko Akordioaren 6. Artikulu polemikoa aipatzen du. Karbono isurien salerosketa nola arautu beharko litzateke sortzen ditu desadostasun sakonenak aldeen artean.
Madrileko biltzarrean parte hartzen ari diren ordezkaritzek lan "oso gogorra" egin dutela ziurtatu du COP25eko presidenteak, zirriborro bat adosteko eta akordio bat ixteko.
Europar Batasuneko ordezkariaren ahotan, "anbizio handiagoko mezu batekin hemendik ez ateratzea ezinezkoa da".
Bestalde, ingurumen eta giza eskubideen defentsarako gobernuz kanpoko erakundeek azken zirriborroa gogor kritikatu dute.
Greenpeace International, Action Aid edo WWF bezalako erakundeetako ordezkariak negoziazioen norabidearekin haserre agertu dira. Aldeen azken zirriborroak jasotako "konpromisoak ahulak" direla uste dute.
Mohamed Adow Christian Aid elkarteko adituak adierazi duenez, testua "oso etsigarria" da, zientzialariek klima aldaketaren ondorioak suntsitzaileak izango direla diotenean; isuriek gora egiten jarraitzen baldin badute.
WWF nazioarteko erakundearen hitzetan, ia 200 herrialdeetako ordezkaritzek negoziatzen jarraitzen duten akordiorako zirriborroa "onartezina" da. Madrilgo COP25 atzo amaitzekoa zen, baina egun bat gehiago luzatu behar izan dute akordiorik ez dagoelako.
Alden Meyer Union of Concerned Scientists erakundeko zientzialariaren ahotan, zirriborroa "bidegabea eta ezmorala" da.