Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Von der Leyenek Europako Itun Berdea aurkeztu du, ibilbide orri klimatikoa
2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea da helburua, EBk har dezakeen CO2 baino gehiago ez isurtzea, baina ez du lege proposamen zehatzik egin.
agentziak | erredakzioa
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko (EB) presidente berriak Europako Itun Berdearen zirriborroa aurkeztu du gaur. Ituna ibilbide orri bat da eta haren helburua 2050erako Europar Batasuneko ekonomia neutrala izatea da, CO2 isuriei dagokienez.
"Europako Itun Berdea da hazkunderako estrategia berria", adierazi du Von der Leyenek, Europako Parlamentuan lehentasun gisa dituen neurrien egutegia azaldu aurretik. 2030rako helburu gisa jarri du EBko gas isuriak gaur egun zehaztutako % 40tik, gutxienez, % 50ra igotzea eta, ahal dela, %55ra iristea.
Hurrengo hamarkada amaierako esfortzu klimatikoa 2050ean neutraltasuna lortzeko bidea izango da. Neutraltasun klimatikoak esan nahi du Europar Batasunak ez duela isuriko har dezakeen CO2 baino gehiago. Helburu hori ezatzen saiatu zen Jean-Claude Juncker ekainean, baina Estoniak, Poloniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak blokeatu egin zuten.
Baina ordutik gauzak aldatu egin dira, eta dagoeneko Estoniak bat egin du konpromiso berdearekin. Halere, neurria aho batez onartu behar denez, Bruselan ostegunean eta ostiralean egingo den goi-bileran 28 estatu eta gobernuburuak Varsovia, Budapest eta Praga itunera erakartzen saiatuko direla espero da.
Estatu guztien babesa lortuz gero, Von der Leyenek zirriborroaren oinarrietako bat lege klimatiko bihurtu ahal izango du 2020ko martxorako, hau da, agintaldiaren lehenengo 100 egunak bete aurretik.
Lege proposamen zehatzik gabe, zirriborroan Von der Leyenek iragarri dituen neurriak ordenatu eta azaltzen ditu, eta munduko abangoardia ekologikotik Europako Itun Berdearen arlo desberdinak artikulatzeko datak zehazten ditu:
Hazkunde berdea
- Inbertsio Iraunkorren Europako Egitasmoa eta Trantsizio Justurako Mekanismoa.
- EBren aurrekontuaren % 25 "ekintza klimatikoetara" bideratzea.
- Europako Inbertsio Bankua "klimaren aldeko banku" bihurtzea.
Industria
- 2020ko martxoan Industria Egitasmoa aurkeztea.
Isurien merkataritza
- Isurien Merkataritza Sistema (ETS) eguneratzea itsasoko sektorea sartzeko eta hegazkinen kutsadura garestitzeko.
- "Mundu osoan anbizio maila desberdinek badiraute EBk harena areagotzen duen bitartean, Batzordeak mugako karbono egokitzapen sistema bat ezarriko du" sektore batzuetan.
Garraioa
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko milioi bat guneren ezarpena sustatzea, Europan baterien industria garatzeko egitasmoari jarraipena ematearekin batera.
- Hidrogenoa eta bestelako erregai alternatiboen erabilera ahalbidetzea, eta 2025erako aurreikusita zegoen konbustioko motordun autoen eta furgoneten murrizketa helburuak berrikustea 2021ean.
- Trafikoaren kudeaketa automatizatzea eta digitalizatzea.
- Garraio intermodala, merkantzien "zati handi bat" ibaietatik eta trenbideetatik bideratzeko.
- Portuetan "itsasontzi zikinen" sarrera debekatzea.
- Aireko trafikoa modu eraginkorragoan kudeatzea.
Elikagaiak
- 2020ko udaberrian, Europako Batzordeak nekazaritza eta arrantza iraunkorragoa izateko egitasmoa plazaratuko du, pestizida kimikoak, ongarriak eta antibiotikoak murrizteko, eta dieta osasungarriagoa sustatzeko, uraren eta zaborren kudeaketaren inguruko ekimenekin batera.
Europar Batasuneko agintarien goi-bilera
Neutraltasun klimatikoa lortzeko epea 2050ean ezartzeko goi-bilera ostegun eta ostiral honetan egingo dute Europar Batasuneko agintariek.
Helburu hori erdiesteko bidean inbertsio publikoak eta pribatuak beharko direla azpimarratu dute, eta sektore eta lurralde kaltetuenentzat –ikatzaren menpe dauden ekonomiak, esaterako- laguntza zehatzak izango direla erantsi dute.
Oraingoz ez dago aurrekonturik egitasmo hau aurrera eramateko, baina Europako Batzordeak iragarri du 100.000 milioi inbertitzeko asmoa daukatela.
Bestalde, goi-bilera horretan 2021-2027 epealdirako aurrekontu orokorra eztabaidatuko dute Europar Batasuneko agintariek. Hala ere, puntu horretan ez da berehalako akordiorik espero.