Gizartea -
COP25
'Klimaren Goi-bilera ez da Ifema barruan izan, Madrilgo kaleetan baizik'
Klimaren inguruko batzarraren lehenengo astearen balorazioa egin du Greenpeacek. Deitoratu duenez, "kaleetan izandako energia ez da energia politiko bihurtu".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egunotan Madrilen egiten ari diren Klimaren inguruko Goi-bileraren lehenengo astearen balorazioa egin du Greenpeacek, eta ohartarazi duenez, "planetak anbizio handiagoa behar du".
"Astebete pasa da eta bi pausu egin ditugu atzera: planetak anbizio handiagoa behar du", esan du elkarteak ohar baten bidez. COP25 ekitaldiaren gauza garrantzitsuenak "ez dira Ifema barruan gertatu, Madrilgo kaleetan baizik". Horren harira, "justicia klimatikoa" aldarrikatzeko ostiralean Madrilen bildutako "ehunka mila lagunak" txalotu ditu. Aldi berean, bien bitartean, "6. artikuluaren inguruan Gobernuak eztabaidatzen aritu izana" kritikatu du Greenpeacek, larrialdi klimatikoaren "arazo handiari aurre egiteko haiek daukaten erantzukizun handiari so egin gabe".
Hori dela eta, COPen bilduta dauden ordezkari politikoei ohartarazi die planeta osoa "haiei begira" dagoela, "zer erabakiko duten zain: ingurugiroa merkantzia gisa hartu (karbonoarekin trafikatzeko sistema baten bidez) ala larrialdi klimatikoak eskatzen duen isurien murrizketa osorako konpromisoak hitzartu".
'Manifestazio baketsua eta masiboa'
Bestalde, Espainian inoiz izandako "ingurugiro-manifestaziorik handiena" txalotu du Mario Rodriguez Espainiako Greenpeaceko zuzendariak. "Jendearen boterearen erakusketa masibo eta baketsu horrek zientziak eskatzen duten negoziazioa bultzatu behar du, kontrolik gabeko larrialdi klimatikoa prebenitzeko", gaineratu du.
Greenpeacek "ez ditu atzerapenik edota tranparik onartuko, larrialdi klimatikoa ate joka dugulako". "Gobernuen agendan eta COPeko negoziazioetan une oro egon beharko litzateke hori presente, baita Espainiako gobernu berriaren negoziazioetan ere", amaitu du.