Gizartea -
COP25
2050ean isurien neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu du Euskadik
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Under2 koalizioaren Zuzendaritza Batzordean parte hartu du. Euskal Autonomia Erkidegoa koalizioko kidea da sorreratik.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadi "2050ean edo lehenago isurien neutraltasuna lortzeko" araudia prestatzen ari da.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Under2 koalizioaren Zuzendaritza Batzordean parte hartu du. Euskal Autonomia Erkidegoa koalizioko kidea da sorreratik. Ondoren, Madrileko Klima Goi-bileraren (COP25) markoan, koalizio horretako Batzar Nagusian parte hartu du sailburuordeak.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko Euskadiren konpromisoa berretsi du Morenok. "2050ean edo lehenago isurien neutraltasuna lortzeko" araudi bat prestatzen ari direla jakinarazi du sailburuordeak.
Eusko Jaurlaritzak iragan uztailean larrialdi klimatikoa ezarri zuela gogorarazi du buruzagiak. Era berean, Euskadi 2015az geroztik klima aldaketari aurre egiteko estrategia propio bat (KLIMA2050) lantzen ari dela erantsi du Morenok; izan ere, Pariseko akordioa sinatu baino lehen onartu zuen EAEk.
Estrategiaren arabera, "problematikari tokian toki heltzeko beharra dago, lankidetza publiko-pribatuarekin, eta herritarren parte-hartzearekin", azaldu du.
Morenok azpimarratu duenez, NBEko IPCCren auditoreak Euskadin izan dira iragan astean, berotegi efektuko gas isurien inbentarioa aztertzen. Eusko Jaurlaritzak azterketa borondatez pasatzea onartu duela goraipatu du sailburuordeak; izan ere, Estatuek soilik gainditu behar dute.
Isurien inbentarioa duen munduko eskualde gutxienetako bat eta erkidego bakarra da Euskadi. 2000. urtean aurrenekoz egin zuen EAEk.
Tokiko erakundeak
Bestalde, "ingurumen plangintzetan hiriak" sartzeko eskatu diete Europako udaletako ordezkariek gobernu nazionalei, "udal administrazioak baitira herritarrengan eragina duten irtenbideak aplikatzen dituztenak".
"Trantsizioa azkartzen: nola egin dezakete hiriek eta eskualdeek euren ekarpena?" izenburuko saioa egin dute larunbat honetan COP25 Nazio Batuen Klimaren Goi-Bileran, Madrilen, eta Giorgia Rambelli Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Batzordeko idazkariak bertan adierazi duenez, "larrialdi klimatikoaren aurrean, eragile politiko guztiek parte hartu behar dute".
Horren esanetan, 2055rako "zero isuriak" lortzeko, "iraganeko elkarrizketen eskarmentuaz" baliatu behar gara, eta "maila anitzeko neurriak" ezarri, data horretarako biztanleriaren ia % 70 hirietan biziko baita.
Hori dela eta, "tokiko erakundeen indarra" azpimarratu du Marku Markkula Europako Batzordeko Eskualdeko Komiteko lehen presidenteordeak, izan ere, "CO2 isuriak murrizteko proposatutako politiken % 70 inguru hirietan daude dagoeneko ezarrita".
Bestalde, Monica Scatasta Inbertsiorako Europako Bankuko ingurumen, klima eta gizarte zuzendariak aitortu duenez, "klima-aldaketaren aurkako borroka azkartu behar dugu, eta gizarte-mugimendu anitzek aldarrikatutako bultzadarekin parekatu".