Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Klimaren aldeko Goi Bilera Soziala abian da Madrilen, 350 jarduera baino gehiagorekin
Goi Bilera Sozialaren antolatzaileek ekimena 'kontragailur' bezala definitu dute, Nazio Batuen COP25 izenekoaren alternatiba gisa.
Agentzia | Erredakzioa
Klimaren aldeko Goi Bilera Soziala 10:00etan hasi da Madrileko Complutense unibertsitatean, ostiralean klimaren aldeko martxa bat egin ondoren. Datorren ostiralera arte 350 jarduera baino gehiago aurrera eramango dituzte kontragailurrean.
"Gaur Klimaren aldeko Goi Bilera Soziala hasi da. Atzoko manifestazio handiaren ostean, eragin handia izan zuen, eta horrek itxaropenez bete gaitu. 350 jarduera baino gehiagotan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu", esan dute ekitaldiko antolatzaileek.
Egunean zehar hitzaldiak eta jarduerak izango dira. Larunbat honetako jardunaldia kontzertu batekin bukatuko da Klimaren aldeko Goi Bilera Sozialean, 21:00ak aldera. Besteak beste, Moravia, Birch, De Mar a Mar eta Swing Disorderrek parte hartuko dute.
Klimaren aldeko Goi Bilera Soziala ostiralean, 18:00ak aldera, bukatuko da Marcelino Camacho auditorioan, Lope de Vega kalean.
Goi Bilera Sozialaren antolatzaileek ekimena 'kontragailur' bezala definitu dute, Nazio Batuen Erakundea Ifeman (Madril) egiten ari den COP25 izenekoaren alternatiba gisa.
Aurkezpenean, Marta Garcia Pallares antolatzaileak azaldu duenez, Klimaren aldeko Goi Bilera Soziala "herritarrentzako esparru" bat da, COP25 Txiletik Madrilera ekarri dutelako.
"Txileko herriak jasan duen errepresio basatiaren aurrean, Espainiako gizarteak herritarrentzako esparru hau sortu behar izan du, bidegabekeria sozialak salatzeko", adierazi du ekintzaileak.