Gizartea -

COP25

Milioi erdi pertsona atera dira klimaren aldeko manifestazioan, Madrilen

Greta Thunberg ekintzaile ekologista suediarrak martxa utzi behar izan du segurtasunagatik, baina amaierako hitzaldian hitz egin eta "buruzagi politikoen traizioa" salatu du.

Klimaren aldeko martxa, Madrilen. Argazkia: Efe
Klimaren aldeko martxa, Madrilen. Argazkia: Efe
Klimaren aldeko martxa, Madrilen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonek, milioi erdik Ekologistak Martxan elkartearen arabera, Madrilgo zirkulazio bide nagusia bete dute Klimaren aldeko Martxan jendetsuan. Plataforma ekologistek COP25 klimari buruzko goi-bileraren harira deitutako manifestazioa izan da, "larrialdi klimatikoa"z ohartarazteko.

Milaka parte-hartzaileren artean Greta Thunberg ekintzaile suediar gaztea izan da protagonista, hiru astetan Atlantikoa katamaranean zeharkatu eta Madrilera iritsi ostean.

Manifestazioan parte hartu nahi izan duen arren, bere presentziak eragin duen ikusminaren ondorioz, ezin izan du parte hartu segurtasun arrazoiengatik, eta hitzaldia ematera joan da zuzenean manifestazioa amaitu den lekura.

"Buruzagi politikoak traizionatzen ari zaizkigu, eta ez diegu gehiago egiten utziko, ez diegu arrazoia emango. Argi diogu: Nahikoa da, gustatu ala ez, aldaketa badator. Ez dugu beste aukerarik", azpimarratu du Greta Thunbergek Nuevos Ministerios Plazan, martxa amaitu den lekuan.

Hala, mundua "larrialdi klimatiko baten erdian" dagoela adierazi du Thunbergek, eta konfort gunetik irteteko eskatu du. "Hori da hemen egiten ari garena: arduradun politikoei esan arduratsuak izan behar dutela eta belaunaldi berrien etorkizuna babestu behar dutela", azaldu du.

Gainera, buruzagi politikoak Madrilen manifestarien etorkizuna "negoziatzeko" biltzen badira ere, Gretaren ustez, itxaropena "ez da COP25eko harresien artean aurkitzen", baizik eta manifestariekin.

"Jarraitu egin behar duzue. Bultzada baliatu behar dugu, eta aurrera egiten jarraitu. Hegoaldeko pertsonek gure ahotsa entzun dezatela, eta larrialdi klimatiko honetan gehien sufritzen duten pertsonei laguntzeko ", gaineratu du Suediako nerabeak, eta aldaketa masetatik iritsiko dela gaineratu. "Hori gu gara; aldaketa hona ekarriko dugunak", adierazi du.

Testuinguru horretan, "oraintxe bertan" larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan buru den gizarteari aurrea hartzeko eskatu die arduradun politikoei. "Haiek jarraitu behar digute guri. Orain bidea markatzen ari gara, eta haiek egin behar dute beren lana ", berretsi du.

Bestalde, Javier Bardem aktore espainiarrak "ergela" deitu dio Jose Luis Martinez-Almeida (PP) Madrilgo alkateari, "ibilgailu kutsatzaileei hiriburutik zirkulatzen uzteagatik" eta Madrid Central "irauli nahi izateagatik", Manuela Carmena aurreko alkateak emisoak gutxitzeko martxan jarritako ekimena bertan behera uzten saiatzeagatik, alegia.

Bardemek agertokitik hitz egin du, eta Donald Trump AEBko presidentea ere kritikatu du, "krisi klimatikoaren aurkako ekintzarako akordio globalak bertan behera uzteagatik".

CO2 isurketak murrizteko helburua %65ekoa izatea exijitu diote Europako Batasunari, eta egungo konpromisoak zalantzan jarri. "Hiru hitz baino ez daude: urgentzia, anbizioa eta murrizketa", nabarmendu du, ekonomia garatuenei, "EB barne", euren ingurumen politiketan anbizio handiagoa izateko eskatuz.

Txile ere izan da protagonista ibilbidearen amaieran. FFFko ekintzaile eta bozeramaile batek eskerrak eman dizkio manifestaziora bertaratu direnei, babesa adierazi dio Txileko herriari, eta ziurtatu du "justizia klimatikorik gabe ez dagoela etorkizunik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Ingurumena Gazteak Larrialdi klimatikoa 2024 NBEren klimari buruzko goi-bilera Euskadiko kutsadura