Gizartea -
Itsas salbamendua
'Aita Mari' ontziko 78 migratzaileak Pozzallon lehorreratu dira
Bost eguneko itxaronaldiaren eta itsaso txarraren ostean, salbamenduko ontziak erreskatatutako 78 pertsonak Sizilian lehorreratu dira.
eitb.eus
'Aita Mari' salbamendurako ontzia Siziliako Pozzallo portura iritsi da, eta ostegunean Catania inguruan erreskatatu zituen 78 migratzaileak lehorreratzen hasi dira, bost egunez zain egon eta itsasoari aurre egin ostean.
Itsasontzia 10:00ak aldera iritsi da portura, eta ontzian zihoazen 78 pertsonak lehorreratzen hasi dira.
Lehen erreskatatuek 11:20 inguruan zapaldu dute lurra, Finantza Guardiako kideek, militarrek eta Gurutze Gorriak lagunduta.
Joan den igande gauerdian eman zuten Italiako agintariek baimena 'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan erreskatatutako 78 pertsonak lehorreratzeko Pozzallon, Sizilia hegoaldean, euskal itsasontzia zegoen lekutik 26 itsas miliara.
"Pozzallo udalerriko portua hautatu dute Aita Mari ontzian dauden 78 pertsonak lehorreratu ahal izateko", baieztatu zuen gobernuz kanpoko erakundeak Twitter bidez zabaldu zuen mezu batean.
Handik ia 500 kilometrora, Tarantoko portuan, Open Arms erakundearen erreskate ontzia hartu dute egunsentian. Bertan lehorreratu dira Mediterraneoko uretan, Libiatik 50 miliara, erreskatatu zituzten 62 migratzaileak. Sei egun eman dituzte gobernuz kanpoko erakunde horren itsasontzian.