Gizartea -

Euskara

Nafarroak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin du

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da, eta euskararen erabilera bultzatzea izango du helburu. 22.000 nafar baino gehiagok parte hartu zuten aurreneko Euskaraldian.

Ahobizi eta Belarriprest protagonistak izango dira berriz ere. EiTBko bideo batetik aterata.
Euskaraldiaren protagonistak diren Ahobizi eta Belarripresten irudiak
Ahobizi eta Belarriprest protagonistak izango dira berriz ere. EiTBko bideo batetik aterata.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak  Euskaraldia ekimenaren bigarren edizioa aurkezteko Foru Erkidegoan izan den ekitaldian parte hartu du larunbat honetan. Ekimena 2020ko azarotik abendura izango da. 2018ko lehn Euskaraldian 22.190 nafarrek eta 75 udalerrik, bailarek edo auzok parte hartu zuten.

Ollok adierazi duenez, "gai guztietan bezala, euskararen sustapenean ere partekatutako lana eta elkarlana funtsezkoak dira", eta duela gutxira arte lankidetza normalizatua "bideraezina" zela gogorarazi du.

"Denok altxor komun bat partekatzen dugu, euskara, eta horren alde egin behar dugu, inguruko eskualdeekin, beste erakundeekin edo hizkuntza horren alde lan egiten duten erakundeekin batera", azpimarratu du Ollok.

Bigarren edizioak eremu digitalean ekarriko dituen berrikuntzak azpimarratu ditu kontseilariak, eta Nafarroan gazteen % 25 euskaldunak direla nabarmendu du: "Erakutsi behar diegu euren eremu naturalean, teknologikoan, euskaraz goza dezaketela".

Euskararen plan estrategikoa

Mikel Arregi Euskarabideko, Nafarroako Euskararen Institutuko, zuzendariak gogorarazi du Euskaraldiaren helburu nagusiak Euskararen I. Plan Estrategikoaren ardatzekin lerrokatuta daudela. Arregik adierazi du euskararen erabilera aktibatzea zela lehen planaren helburu nagusietako bat, orain, ebaluazioaren zain dagoena.

Hurrengo egitasmoan lan egiteko, "euskara gero eta gehiago erabiltzea" helburu duten ekimenak bultzatzen jarraitzea beharrezkoa dela defendatu du.

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20an hasi eta bi aste geroago, abenduaren 4an amaituko da. Helburu bikoitza izango du; batetik, hizkuntza ohiturak aldatzea, eta bestetik, euskararen erabilera gehiago bultzatzea.

Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat "ariguneak" izango dira. Gune horiek euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute, euskararen erabilerarako ingurune egoki gisa eratuak. Hortaz, ariketa soziala taldean garatu ahal izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Nafarroa Euskararen eguna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Euskaraldia